Pikete informatiboak nagusi, Amurrioko greba orokorraren lehen zatian

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urt. 30a, 12:06

Amurrio eta Laudion batu dituzte indarrak Aiaraldeko grebalariek. 5:00etatik 10:30ak arte, lantegi zein herrigunean aritu dira bizitza, lan eta pentsio duinen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzen. Herriko saltoki gehienek itxi dituzte ateak, jarraipen zabala izan du grebak hortaz.

Aiaraldeko Greba Batzordearen bidez, 24 orduko mobilizazio egunean murgilduta dago eskualdea. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiari jarraiki, greba orokorra gauzatzen ari dira milaka herritar. Horren adierazle da saltoki eta lantoki ugari itxita egotea. Herriguneko komertzio gehienek itxita dituzte ateak. Ondorioz, grebaren eragina zabala ari da izaten Amurrion ere.

Goizean goizetik antzeman da protesta giroa: 5:15ean abiatu dira pikete informatiboak Laudion eta Amurrion. Industriagunetan egon dira nagusiki. Izan ere, bi herri nagusietara bideratu dituzte inguruetako herritarrak, deialdiak indartzeko helburuarekin.

Amurrion, greba giroa nagusi
Amurrion Inauxa, Tubacex, Megatech, Valvospain edota Castinox fabriketan jo dute atea, besteak beste. Hala, lanera joandako beharginei grebaren inguruko informazioa eman diete goizeko txanden aurretik. Megatechen barrikada bat jarri dute, Ertzaintza bertaratu eta kendu duen arte. 8:00etan, aldiz, Zaraobe Institutura mugitu dira gazteak. Ateak blokeatu dituzte, sare sozialetan azaldu dutenez.

Ondoren, Amurrioko erdigunean barrena ibili dira grebalariak, bizitza, lan eta pentsio duinen aldeko aldarriak zabaltzen. Udala irekita zegoenez, Herritarren Arretarako Zerbitzuan Josune Irabien alkatearekin bilera eskatu dute segidan, baina ez dute lortu. Ertzaintzak hala eskatuta, beharginak informatzeko bi ordezkari hautatu behar izan ditu Amurrioko Greba Batzordeak udaletxean. Tentsioa nabaria izan arren ez da aparteko tirabirarik egon.

Joko aretoan ere egon dira protestak, makinak itzali dituztelarik. Hala, toki ugaritan itxi dituzte ateak greba deialdiarekin bat egiteko, grebalarien azalpenen ondotik: Castinoxen, Santander banketxean... 

 

16:30ean izango da hurrengo ekintza Amurrion. 18:00etan izango da mobilizazio nagusia, Juan Urrutia plazatik, eta 20:00etan "antipoteo kalejira" egingo dute.

Aiaraldea komunikabideak greba aktiboa egingo du; nola langileek hala Kooperatiba Elkarteak bat egin baitute deialdiarekin. Hortaz, gaur, greba orokorraren inguruko nondik norakoak soilik plazaratuko dira webgune eta sare sozialetan, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako langile guztiak greban baitaude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide