Eusko Jaurlaritzak ez du onartu Tubos Reunidos enpresako "indarrezko" lan erregulazio espedientea

Aitor Aspuru Saez 2020ko mar. 27a, 08:05

Lantegian bertan mobilizatu ziren langileak itxiera exijitzeko.

Carmen de Celis Cuevas Arabako Gizarte eta Lan Segurantzako lurralde ordezkariak jakinarazi dio Tubos Reunidos enpresari ez duela erakutsi beharra duenik "indarrezko" espedientea abiatzeko. Hala ere, enpresak erabaki dezake aurrera egitea espedientearekin, baina ekoizpen arrazoiak baliatuta.

Atzo sinatuta, Arabako Gizarte eta Lan Segurantzako lurralde ordezkariak ebazpena bidali dio Tubos Reunidos enpresari. Bertan jasotzen denez, ez dute onartu enplegua erregulatzeko espedientea "indarrezko" arrazoiak aitortuta.

Erakundeak argudiatu du Tubos Reunidosek ez duela probatu jarduera eteteko beharra alarma egoeraren ondorioz. Hau da, horniketa faltagatik, pertsonen mugikortasun murrizpenagatik, Covid-19aren kutsadurengatik, larrialdiko prebentzio neurriengatik edo legeak aurreikusitako kasuengatik.

Dena den, Lan eta Gizarte Segurantzak adierazi du arrazoiak egon daitezkeela lantegia ixteko, baina ez direla probatu. Ondorioz, ez dio bide eman enplegua erregulatzeko espedienteari "indarrezko" arrazoiak direla medio. 

Hurrengo urratsak
Jagoba Luengas abokatuak azaldu duenez, enpresak aurrera egin dezake enplegu espedientearekin, baina ez litzateke izango "indarrezko" arrazoien ondorioz, baizik eta ekoizpen arrazoiengatik. Ondorioz, Gizarte Segurantzari ordaindu beharko lizkioke langileen kotizazioak, osasun larrialdiari lotutako dekretu errealak agintzen duen moduan. Edozein kasutan, langileek ez lukete euren langabezia kontsumituko.

Sindikatuen iturriek gehitu dute enpresak aukera duela helegitea aurkezteko, "indarrezko" arrazoiak behartutako espedientea lortzeko.

Azken aukera izango litzateke lanera itzultzea, baina sindikatuek aipatu dute aintzat hartu beharra dagoela Tubos Reunidoseko 5 langile kutsatuta daudela Covid-19 birusarekin eta 2 ospitaleratu dituztela. Bat, gainera, zaintza bereziak behar izan ditu. Horrez gain, 38 behargin daude berrogeialdian.

Bilera
Ebazpena dela medio, gaur goizean elkartuko dira Tubos Reunidos enpresako zuzendaritza eta sindikatuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide