Martxoaren 27an, ostiralean, 6 ordu eta erdiko bilera izan zuten Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak eta langile batzordeak. Giroa hainbat aldiz tenkatu bazen ere, aurreakordioa sinatu zuten alde biek.
Horren arabera, enplegua erregulatzeko espedienteak 3 hilabete iraungo du. Gainera, indarrean dagoen bitartean, eta COVID-19ak eragindako alarma egoera bukatzerakoan, espedientea ahalik eta gutxien aplikatuko da, eskarien arabera.
Konfinamendua amaitu arte enpresak ahalik eta gutxien deituko ditu langileak, arriskua murrizteko eta babes elementuak zein segurtasun protokoloa bermatu beharko dizkie.
Bestalde, ekoizpena mantenduko balitz, zuzendaritzak 6 hilabeteko enplegu finkoa ziurtatuko du. Aparteko soldatei dagokienez, martxokoa ordainduko dute espedienteak iraun bitartean, baina ahal dutenean, zehaztu gabe. Maiatzeko eta ekainekoak, ordea, 2020ko azken lauhilekoan eta 2021eko lehenengoan jasoko dituzte langileek, hurrenez hurren.
Babes elementuak osasun langileentzat
LAB eta ESK sindikatuek atzo bidali zioten eskaera Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzari lantegiko babes elementuak osasun sistemako langileei bideratzeko.
Erakundeek azaldu dute osasun beharginek egiten dutela deialdia eta batera jokatzeko unea dela. Euren ustez, une aproposa da Tubos Reunidos taldeak erakusteko sozialki konprometitua dagoela.