Jasotako babesa eskertuta, "borrokan jarraitzeko" eskatu du Galder Barbadok ANkerkeriari Stop plataformaren ekitaldian

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 19a, 20:14

Babes ekimena egin du ANkerkeriari Stop Herri plataformak Amurrioko San Anton plazan, Galder Barbado gazteari babesa adierazteko.

San Anton plaza elkartasun eta maitasun gune bilakatu dute gaur Amurrion. Ostegunean hasiko da Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako epaiketa, eta babes ekimena antolatu dute horren harira.

Plaza bete jende, ANkerkeriari Stop eragileko ordezkariek hartu dute hitza ekitaldian lehenbizi. "Plaza honetan salatu ditugu herri honek aspalditik sufritzen dituen kolpe eta ankerkeria guztiak", azpimarratu dute bozeramaileek.

Alfredo Remirezen espetxeratzea, Julen Ibarrolarena edota "polizia nazional ohi batek ezker abertzaleko famila baten etxeari tiro egin zionean" egindako mobilizazioak ekarri dituzte gogora: "Ankerkeria askok atera gaituzte hona, baina hau guztiaren gainetik elkartasunaren, borrokaren eta maitasunaren plaza da!". Hala, maitasun eta esker mezu andana helarazi dizkiote bertaratutakoek Galder Barbadori.

Galder Barbadoren esker hitzak

Azken egunetan jasotako babes andana eskertu du, besteak beste, Galder Barbado Bonillak bere hitzartzean. "Plaza honetan elkartzen garen aldiro, nahiz eta beldur eta dardara eragin, norberaren onena ateratzen da".

Herriari ere mintzatu zaio: "Amurrion bakean bizi nahi dugu. Hau herri euskaldun, feminista, solidario eta langilea da. Horregatik kolpatzen gaituzte behin eta berriz, eta horregatik jarraitu behar dugu bide beretik".

"Terroristak", Barbadoren hitzetan, pandemiaren erdian argiaren prezioa igo dutenak dira, "inolako laguntzarik eskaini gabe ostalaritza eta komertzioak ixten ari direnak edota mediku eta irakasle gehiago kontratatu ordez polizia gehiago kontratatzen dituztenak". "Halakoak gertatzen diren bakoitzean herri honetan independentista gehiago ateratzen dira".

Etzi ekingo diote Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren auziari. Indartsu joango da amurrioarra, ordea: "Ez gaituzte bidetik aterako, nahiz eta horretan tematu. Mila esker, zuen irudia ikustea gaur Madrilera joan baino 2 egun lehenago gasolina da guretzat. Ziur egon irabaziko dugula, jarraitu borrokan! Gora euskal gazteria! Gora Euskal Herria askatuta! Gora Amurrio!".

 

Ostiralean, manifestazioa

ANkerkeriari Stop plataformako ordezkariek iragarri dutenez, manifestazioa egingo dute ostiralean 18:00etan Amurrion epaiketa salatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide