Epailearen aurrean deklaratu du gaur iragan ekainaren 17an Amurrioko Epaitegi aurrean Ertzaintzaren karga batean atxilotutako Tubacexeko grebalariak. Orduko hartan martxoaren 25eko gertakariengatik deklaratzera deituak izan ziren hiru herritarrak babesteko elkarretaratzea egin zuten epaitegiaren aurrean, eta Ertzaintza bortizki oldartu zen bertan bilduta zeuden langileen aurka.
Poliziak Aintzane Mendia Tubacexeko langilea atxilotu zuen une horretan. Ertzaintzak bizkarrean lesioa eta eskuan fisura eragin zizkion Mendiari, eta Laudioko anbulategira eraman behar izan zuten komisaldegira joan aurretik.
Epaitegi aurrean elkartutako langileen txalo eta babes oihu artean sartu da epaitegira grebalaria. Ertzaintzak autoritatearen aurkako delitua leporatzen dio.