Amurriok berebiziko protagonismoa izango du 22.Korrika edizioan. Izan ere, bertatik abiatuko da martxoaren 31n euskararen aldeko AEKren ekimena. Berez, aurten egokitzen zen Euskal Herria lasterka zeharkatzea, baina koronabirusak eragindako pandemia medio urtebete atzeratzea erabaki zuten iazko urrian.
2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era ospatuko da 22.edizioa. Eta, ez edonola: Amurrio izango da hasierarako aukeratutako herria, eta Donostian emango diote amaiera. Logotipoa eta leloa ere aurkeztu dute gaurko agerraldian: Hitzekin lema izango du oraingoan euskal hizkuntza bultzatzeko proiektuak:
Agerraldian erantsi dutenez, Pirritx, Porrotx eta Marimotos omenduko ditu aurtengo Korrikak, euskararekiko konpromisoagatik eta eraginagatik: "Haiek euren hitzekin euskarari eutsi eta ekin ziotelako; eta orduz geroztik euskara ahoan ibili dute 34 urteetan, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua izan dezaten. Ekimen eraikitzaile eta normalizazioaren adibide dira, ikuskizun eta kanten bidez egin, eginarazi eta eragin dutelako".
Spota ere zabaldu dute, ekitaldia bukatu berritan:
Erronka, ilusioz hartu dute Amurrion
Amurrioko AEKkoek ilusioz heldu diote erronkari: "Berezia da Korrika. Jendearen ilusioa, parte hartzeko gogoa, gure hizkuntzaren normalkuntzan ekarpena egiteko nahia...hauek guztiak elkartzen dira eta horregatik bihurtu da Euskal Herrian antolatzen den ekimenik jendetsuena. Gainera, atzeratu izanak eta zegokion urtean egin ez izanak are bereziago bihurtuko du. Uste dugu jendea honelako ekimen baten zain dagoela, behar duela kalean egon eta modu alaian aldarrikapen honen alde egin. Euskarak kalea behar du, jendeak Korrika behar du eta Korrikak jendearen konpromisoa eta ilusioa behar ditu. Aldekotasunetik konpromisora salto egin behar dugu".
Eskualde mailan izango duen eraginaz mintzatu dira euskaltegiko kideak: "AEKk eta AEKideok Eskualdean abian jarri diren ekimen askotan hartu dugu parte: Aiaraldeko euskalgintza kontseilua, Faktoria proiektua... abian jarri ditugun modu berean, honi ere ganoraz heldu ahal izango diogu. Uste dugu Korrika 22k beste bultzada bat emango diola euskarari gure eskualdean".
Amurriotik ateratzearen erabakia 21.edizioa (2019) bukatu berritan hartu zuten, "eta hortik aurrera bi urte luzez gorde behar izan dugu sekretua: 22. Korrika Amurrion hasiko da, Amurriotik Donostiara Euskal Herria osoa zeharkatuko du, 10 egunez, 2500 km, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era".
Txerra Molinuevo alkateak, bestalde, ohorea izango dela azpimarratu du: "Ohore handia da Amurriorentzat Korrika gure herritik hastea, bentean oso pozik gaude. Euskararen aldeko edozein jarduera izango da ongi etorria Amurrion. Eguna iritsi eta denok elkarrekin gozatzeko irrikan gaude".
2019an irudi eta harrera ikusgarria utzi zuen bailaran Korrikak, ohi bezala. Aiaraldea Komunikabideak irudi erreportaje andana pilatu ditu Korrika Aiaraldean webgune berezian. Hemen ikusi daitezke 21. edizioko argazki bilduma eta bideo guztiak.