AMURRIOKO AEK

"22. Korrikak beste bultzada bat emango dio euskarari  Aiaraldean"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko aza. 17a, 12:50

Ilusioz eta indartsu heldu dio erronkari Amurrioko AEKk. / Aiaraldea.eus

Ilusioz heldu dio Korrikaren abiapuntu izateko erronkari Amurrioko euskaltegiak. Euskararen aldeko bultzada eta konpromisoa areagotzea espero du AEK-k, Korrikaren hasieraren lekuko izanagatik. 

Berezia izango da 22. Korrika Aiaraldearentzat. Amurrion hasiko da martxoaren 31n, eta horrek are historikoagoa bihurtuko du egitasmoa. Izan ere, hizkuntza baten alde munduan egiten den ekimenik jendetsuena da Euskal Herrikoa, AEK-k antolatzen duelarik.  "AEKide gehienok urte mordoa daramagu erakundean lanean. Orain arteko 21 Korrika edizioetan hartu dugu parte, eta hau izan daiteke gutako batzuontzat honelako kontu batez gozatzeko azken aukera.  Erronka hau ilusionagarria da guretzat, edizioz edizio hazten ikusi dugu Korrika, baita Aiaraldeko euskaldunon kopurua eta euskararen aldeko konpromisoa ere", zehaztu dute. 

"Euskarari dagokionean, aldekotasunetik konpromisora salto egin behar dugu"

Berezia da Korrika, azpimarratu dutenez: "Jendearen ilusioa, parte hartzeko gogoa, gure hizkuntzaren normalkuntzan ekarpena egiteko nahia...hauek guztiak elkartzen dira eta horregatik bihurtu da Euskal Herrian antolatzen den ekimenik jendetsuena. Gainera, atzeratu izanak eta zegokion urtean egin ez izanak are bereziago bihurtuko du. Uste dugu jendea honelako ekimen baten zain dagoela, behar duela kalean egon eta modu alaian aldarrikapen honen alde egin. Euskarak kalea behar du, jendeak Korrika behar du eta Korrikak jendearen konpromisoa eta ilusioa behar ditu. Aldekotasunetik konpromisora salto egin behar dugu".

22. Korrika Amurrion hasiko da, Amurriotik Donostiara Euskal Herria osoa zeharkatuko du, 10 egunez, 2500 km, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era

Bi urte, sekretua isilpean

Kosta zaie sekretuari eustea. "21. edizioa amaitu eta gutxira erabaki genuen 22.a non hasiko zen, eta hortik aurrera  bi urte luzez gorde behar izan dugu sekretua: 22. Korrika Amurrion hasiko da".

Eskualdean bada indar nahikorik hau bezalako erronka bati aurre egiteko. Hala uste dute Amurrioko AEKko kideek, bailaran azkenaldian abiatutako ekimenak aipatuta: "Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, Faktoria proiektua... ekimen askotan hartu dugu parte; eta hauek martxan jarri ditugun modu berean, Korrikako erronkari ere  ganoraz heldu ahal izango diogu. Uste dugu Korrika 22k beste bultzada bat emango diola euskarari gure eskualdean".

Gaur egin dute aurkezpena Donostiako San Telmo museoan, eta dagoeneko Euskal Herri osora zabaldu da 22. Korrikaren ibilbidea eta data: Hitzekin lemapean, martxoaren 31tik apirilaren 10era 2.500 kilometroren bidez Euskal Herria osoa zeharkatuko du euskararen alde.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide