Eraso matxista kasu berria salatu du Otsemeak taldeak. Hilabete batean jazotako bigarren eraso matxista da. 'Entzun gaitzatela' tresnaren bidez jaso dute testigantza: "Lagun bat etxeraino autoz laguntzen ari nintzen, eta gure atzean beste kotxe bat geratu zen. Nire laguna ibilgailutik jaitsi zenean, oihuka hasi ziren... 'Begiratu neska, ai neskatxa...' Ez ziren geratu laguna urdurituta etxeko atarira sartu zen arte; eta beste mutil batek 'hara, beste neska bat dago kotxean, e neska!' egin zuen oihu, oilartuta".
Erasoa jasan duten emakumeek aitortu dutenez, ahaldunduta egin zioten aurre: "Nire laguna atarira sartu zenean, biratu eta euren altueran jarri nintzen. Jada ez zeuden horren ahobero. 20 bat urte zituzten, eta parrandan ari ziren, gure kontura barrezka, kontuan hartu gabe zer nolako beldurra edo egoera ari zen nire laguna bizitzen". Erantsi dutenez, gazte horiek ez ziren jabetu euren jarreraz, ez zuten buruan "zer jasanarazten dioten etxera bakarrik doazen beste pertsona batzuei".
Otsemeak talde feministak sare sozialen bitartez partekatu du salaketa. "Beste eraso bat eskualdean! Nahikoa da! Nazkatuta gaude!", azpimarratu dute.
Hilabete batean bigarren erasoa
Urtarrilaren 5ean bortxaketa kasu bat salatu zuten, Urduñan. Adi Emakumeak elkarteak oharra plazaratu zuen ordukoan, erasotzailea ez babesteko dei eginez. Azken gertaera ere herri berdinean jazo da, Aiaraldea Komunikabideak jakin duenez.
ADI!!!!
— OTSEMEAK! (@Otsemeak) January 25, 2022
BESTE ERASO BAT ESKUALDEAN!
NAZKATUTA GAUDE!
YA VALE HOSTIA!
[ testigantza hemen ] pic.twitter.com/a3bk7DY8xD