ADI EMAKUMEAK

"Urduñako herritar guztiak gonbidatzen ditugu gertatutakoa sinistu eta laguntzera; eta erasotzailearen inguruneari dei egiten diogu erasotzailea ez babestera"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urt. 7a, 19:47

'Entzun gaitzatela!' dinamikapean salatu dute bortxaketa. / Aiaraldea.eus

Otsemeak taldeak salatutako eraso matxistaren harira, oharra atera du Urduñako Adi Emakumeak elkarteak. 

Urduñan bortxatua izan zela salatu du neska gazte batek oraintsu. Otsemeak talde feministaren 'Entzun Gaitzatela!' dinamikapean zabaldu dute kasua, eta erreakzio ugari eragin ditu ingurune hurbilean. Urduñako Adi Emakumeak elkarteak oharra atera du gertatutakoa salatu eta "bortxatzaile edo erasotzailea gertukoa denean" gertatutakoei hitza jartzeko. 

Adi Emakumeak taldearen hitzetan, erasoa jasan duen emakumeak sare sozialetan biolentzia pairatu du azken egunetan, "bere ingurune hurbilean, gertatutakoa kontatze hutsagatik". Are, jakin dutenez, salaketa jartzeari uko egin zion erasotuak: "Neska bortxatuak salaketa jartzea ukatze hutsak, onarpen sexual eta bortxaketa kulturari buruz hitz egin behar izatera garamatza. Jar diezaiogun izen egokia horrelako bizipenei, utz diezaiogun hauek naturalizatu eta errudun sentitzeari, eta bortxatuak izan direnak babestu ditzagun". 

"Baietz eza, ezetza da"

"Beste behin ere, euren biolentzia jokoan sartu behar gara gizonezkoek ulertu dezaten baietz ez bada, ezetz dela", adierazi dute. "Manada" kasuan gertatu gisa, bortxaketaren kulturak bizirik eta sendo dirauela salatu du herriko elkarteak: "Bortxaketa kultura beti bezain bizi dago".

"Bortxaketa kultura beti bezain bizirik dago. Baietz eza ezetza da"

Bortxatzaileek lehenengo minututik errugabetasun-presuntzioa dute elkartearen ustetan; drogak, alkohola edo bestelako kausak medio. "Emakume bortxatua, aldiz salaketa unetik epaitua, berbiktimizatua eta erruduna da; erasotzaileak ez bezala", azpimarratu dute. 

Adi Emakumeaken hitzetan, feminismoak elkartasunetik, babesetik eta salaketatik erantzun dio egoerari: "Guk sinisten zaitugu, eta lagundu nahi zaitugu. Urduñako herritar guztiak gonbidatzen ditugu gertatua sinistu eta laguntzera; eta erasotzailearen inguruneari dei egiten diogu erasotzailea ez babestera, nahiz eta kuadrillakoa, tipo jatorra edo gurea izan".

Erantsi dutenez, biolentzia eta bortxaketa ez dira emakumeen arazoak, arazo sozialak baizik, "zeinetan ikusleei buruz ere hitz egin behar den, bortxaketarekin zuzenean lotu ez arren orain arte isilik egon direnak; eta kasurik okerrenean erasotzailea babestu eta justifikatzen dutenak. Ez kolaboratu horrekin". Ildo beretik, argi eta garbi jaso dituzte harremanen zenbait oinarri, bai eta zer den eta zer ez den baimena ematea: "Harreman baten parte izatea ez da baimena ematea; ezetz esateko libre ez izatea ez da baimena ematea; ezetzik ez esatea, ez da baimena ematea..."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide