Atzo Amurrioko bi negoziotan lapurtu zuten

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 30a, 14:29

Ertzaintzak ikerketa abiatu du lapurretak argitzeko./ Aiaraldea.eus

Ertzaintzak azaldu du okindegi eta botika batean izan direla gertakariak. 

Atzo gauean bi saltokitan, gutxienez, sartu ziren lapurrak Amurrion. Ertzaintzak argitu dio Aiaraldea Komunikabideari, momentuz, bi salaketa jaso dituela. Biak izan dira bortizkeria baliatutako lapurreten ondorioz eta poliziak azaldu du okindegi batean eta botika batean izan direla. Ikerketa abiatu dute jadanik.

Aiaraldea Komunikabidea okindegiarekin -La Vitoriana- jarri da harremanetan eta bere arduradunak adierazi dio, berez, lapurrek ez dutela ezer eraman: "Kaxoi bat eramaten saiatu dira, hor dirua gorde ohi dugulakoan, baina ez dute dirurik topatu".

Hori bai, dirua eskuratu ez badute ere, ezezagunek kalte nabariak eragin dituzte. "Kristalezkoa da atea eta guztiz txikitu dute. Osorik ordezkatu behar izan dugu. Ez da lehenengo aldia, duela lau hilabete ere gauza bera gertatu zen", esan du okindegiko arduradunak.

Ertzaintzak bi salaketa baino ez ditu jaso, baina La Vitorianako langileak aipatu du entzun duela beste saltoki batean ere lapurreta egon dela.

Laudion asteburuan

Duela egun gutxi, ostiralean, hain zuzen, Laudioko negozio ugaritan antzeko gertaerak jazo ziren.  Martxoaren erdialdean, ordea, Aretako trastelekuetan sartu zirenk. Hala eta guztiz ere, gogoratu beharra dago Aiaraldean delituen tasa oso baxua dela, eta horrelako gertakariek oihartzun handia dutela ezohikoak direlako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide