Baiko Pilotarekin jokatuko du Iker Larrazabalek datozen bi urteetan, enpresarekin zuen kontratua berritu baitu pilotari amurriorrak.
Baikok jakinarazi duenez, Larrazabalek frontoietatik urrun igaro ditu azken bi hilabeteak, "eskuko hatz batean izan zuen haustura dela eta". Baina nabarmendu dute lesioa gainditu duela dagoeneko. Hain zuzen, gaur -abuztuak 5- izango du kontratu berriko lehen partidua, Gasteizko Jaietako Andre Maria Zuriaren Torneoan.
2020ko urrian estreinatu zen Larrazabal profesional gisa, Bilboko Bizkaia Frontoian. Aimar Olaizola izan zuen aurkari. Debut ona izan zen, 22-19 puntuazioarekin galdu baitzuen. Handik bi astera eskualdean aritu zen, Amurrioko frontoian.
Aiaraldea Komunikabideari eginiko elkarrizketan, Larrazabalek ziurtatu zuen ez zaiola bizitza asko aldatu profesional izatera pasatzean, baina aitortu du lan gehiago egin behar duela, "eta elikadura kontrolatu".