Atzo bozketa eguna izan zuten Megatech lantegian, enpresa batzordeak deituta. Hain zuzen, sindikatuek jakin nahi zuten langileek bat egiten zuten UGTk eta LABek sinatutako aurreakordioarekin lan hitzarmenaren esparruan.
174 beharginetik 133 langilek parte hartu zuten bozketan, hau da, %76,44ak. Horien artean %92,48k aldeko botoa utzi zuen, 123k, zehazki. 10 behargin kontra agertu ziren.
LAB sindikatuak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari arrakastatsutzat jotzen duela partaidetza: "Lizentziak, bajak eta enplegu erregulazioa espedienteak eragindako langileak asko dira eta".
Lan gatazka luzea
Lan gatazkaren itxura hartu baino lehen, Megatech enpresako zuzendaritzaren eta sindikatuen artean hogei bilera baino gehiago egin zituzten. Aurrera pausoak ez zirela erdiesten ikusita, sindikatuek eurek galdetu zieten beharginei lanuzteak babesteko prest zeuden, eta horrela adierazi zuen gehiengoak ekainean.
Gauzak horrela, hiru eguneko greba deitu zuten Amurrioko lantegian eta lanuzteak lau ordu baino ez zuen iraun, zuzendaritzak, UGTk eta LABek aurrakordioa lortu baitzuten. ELAk ez zuen bat egin, sinatutakoa ez baitzen nahikoa bere aburuz.