Tubos Reunidos enpresako langileak lan hitzarmenaren aurreakordioa bozkatzen hasi dira gaur

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 23a, 08:10

Tubos Reunidos enpresako beharginak lanuzte batean.

UGT, CCOO eta LAB sindikatuek babestu dute aurreakordioa, ELAk eta ESKk kontrako jarrera duten bitartean. Gaur, bihar eta astelehenean bozkatuko dute langileek eta gehiengo absolutuaren aldeko botoa beharrezkoa izango da onartzeko.

Gaur, bihar eta astelehenean Tubos Reunidos enpresako langileek hitzordu garrantzitsua dute. Izan ere, urtebetez baino gehiago negoziatu ondoren, enpresa batzordeko gehiengoak (CCOOk, UGTk eta LABek) eta zuzendaritzak aurreakordioa prestatu dute, beharginek babestu edo baztertu dezaten.

'Hotzaren gelan' eta botikinean egongo da aukera bozkatzeko hiru egun hauetan 05:00etik 06:30ak arte eta 13:00etik 15:00ak bitartean.

Negoziazioa enpresa eta alde sozialaren artean oso luzea eta gogorra izan da eta egin diren aurrera pauso guztiek ez dute adostasun osoa lortu beharginen artean. Iaz langileek ez zuten babestu sindikatu gehienek adostutako beste aurreakordio bat eta mobilizazioekin jarraitu zuten.

Aurreakordio hau bozketara eraman baino lehen, beharginak deituak egon ziren beste dokumentu bat bozkatzeko eta ezezkoa gailendu bazen ere, ez zen izan loteslea, langileen kolektiboaren gehiengoaren bozak behar baitira erabakiak hartzeko.

Hala ere, enpresa batzordeak aintzat hartu zituen emaitzak eta zuzendaritzak zenbait aldaketa egin ditu bere proposamenean (besteak beste, langileen postuen arteko mugikortasunari dagokionez).

Aurrekari horiekin, galdeketaren emaitzak ez daude argi eta ELAk eta ESKk aurreakordioaren kontra egin dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide