Martxoaren 3an bi orduko lanuztea egingo dute Tubos Reunidos enpresan gertatutako azken istripu larriagatik

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 27a, 07:30

Ostiralean elkarretaratzea egin zuten PINE enpresan ere. / ESK

Ostiralean elkartu ziren Tubos Reunidos enpresako langile batzordeko sindikatuak eta orduan hartu zuten erabakia.

Tubos Reunidos konpainiako langile batzordeak -ELAk, CCOOk, UGTk, LABek eta ESKk osatuta- mobilizazioa deitu du martxoaren 3rako, 13:00etik 15:00ak arte, bulegoen aurrean. 

Elkarretaratzearen eta lanuztearen helburua izango da salatzea otsailaren 20an gertatutako istripu larria, zeinean PINE Instalaciones y Montajes enpresako langile batek zauri arinak izan zituen, baina beste batek gorputzaren %40 erre zuen.

Ezbeharra lan hitzarmenaren negoziazioaren eta bozketaren erdian harrapatu du enpresa batzordea eta horregatik atzeratu da mobilizazioa.

Izan ere, gaur da azken eguna beharginentzat lan hitzarmenaren aurreakordioari buruz bozkatzeko.

Edonola ere, enpresako ESKko eta CNTko sail sindikalek oharrak plazaratu dituzte istripuari buruz hausnartzeko eta biek nabarmendu dute ez dela kasualitatea ezbeharrak eta arriskuak ugariagoak izatea azpikontratatutako langileen artean.

Bi erakundeek salatu dute azpikontraten prekarizazioa eta aldarrikatu dute PINE zein Montajes Jauregui edota SAMSIC konpainietako langile azpikontratatuen subrogazioa; hau da, behargin horiek Tubos Reunidoseko langileak izatera igarotzea. 

Halaber, ESKk kritikatu du Tubos Reunidosek Dupont enpresa kontratatu izana segurtasuna eta prebentzioa hobetzeko, euren ustez burokrazia eta itxurakeria baino ez baita sustatzen horrekin.

Azkenik, ESKk gaineratu du mantenu saila gero eta gehiago ari dela geratzen azpikontraten eskuetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide