Lan hitzarmenaren aurreakordio berria bozkatuko dute Tubos Reunidos enpresako beharginek

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 9a, 16:15

Aurten lan istripu larria gertatu zen Tubos Reunidosen eta mobilizazioa egin zuten lantegian bertan. / Aiaraldea.eus

UGT, CCOO eta LAB sindikatuek onartu dute zuzendaritzaren azken eskaintza eta langileek ostegunean, ostiralean eta astelehenean bozkatuko dute.

Atzo bildu ziren berriro Tubos Reunidos enpresako zuzendaritza eta sindikatuak, eta aurreakordioa onartu zuen langileen ordezkarien gehiengoak, hau da, UGTk, CCOOk eta LABek.

Bihar egingo dute batzar nagusia, proposamenaren nondik norakoak azaltzeko -baita ELAk eta ESKk ere, zeinek aurka bozkatu zuten-, eta ostegunean, ostiralean eta astelehenean bozkatzeari ekingo diote. Hiru egun horietan 05:30etik 06:30ak arte bozkatuko dute goizez eta 13:00etik 15:00ak arte eguerdian.

Urtarrileko aurreakordioa bertan behera geratu ostean, atzo lortutakoa bozkatuko dute aste honetan eta astelehenean

Enpresako zuzendariek adierazi zuten atzokoa zela egingo zuten azkenengo eskaintza eta otsailaren 14an sinatutakoari dagokionez, hiru aldaketa ekarri dituzte; gaueko plusak onartzea eta lan egiten den gau bakoitzeko zazpi minutuko librantza onartzea, lau ordura mugatuta. Horrez gain, aparteko ordainsariak dauden moduan uztea eta atzerapenak ekainean kobratzea, urrian egin ordez.

Galdeketa berria

Aste honetakoa ez da izango enpresako langileek bozkatuko duten lehen aurreakordioa. Izan ere, urtarrilean egin zuten beste bat. Kasu horretan, 396 langilek babestu zuten CCOO, UGT eta LAB sindikatuek aurkeztutako akordioa eta 296 beharginek kontra egin zuten. Edonola ere, langile kopuru erdiak ez zuenez bozkatu alde, onarpena bertan behera geratu zen.

Iaz ere lan hitzarmenaren zenbait blokek aurrera egin zuten bozketa bidez. adibidez, atzerapenen esparruan.

Beste proposamen batzuek ordea, atzera bota dituzte langileek eurek, iaz egin bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide