2022an lortutako irabaziak gainditzea lortu du dagoeneko Tubos Reunidosek

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 30a, 06:00

Amurrion ekoiztutako hodiak amaitzen dituzte Estatu Batuetan. / Aiaraldea.eus

Estatu Batuetan duen lantegiaren ekoizpen gaitasuna bikoiztu nahi du enpresak. Amurrion ekoiztutako hodiei azken tratamendua ematen die multinazionalak Houstonen duen fabrikan. 

Houstonen duen lantegiko ekoizpen gaitasuna bikoiztuko du Tubos Reunidosek, 8 milioi dolarreko inbertsioa egin ostean. Multinazionalak Amurrion ekoizten ditu hodiak, eta Estatu Batuetako fabrikara eramaten ditu gero, azken ukituak emateko. Izan ere, enpresak herrialde horretan saltzen ditu bere produktuen %53a. 

Gainera, Donal Trumpek bere garaian ezarritako %25eko muga-zerga bertan behera utzi du Joe Biden presidenteak, eta hori ere mesedegarria da Tubos Reunidosentzat, enpresako zuzendaria den Carlos Lopez de la Herasek azaldu duenez. Hain zuzen, IRA plana jarri du martxan gobernu estatubatuarrak inbertsio industrialak sustatzeko, eta horretara batu da Tubos Reunidos ere. 

50 milioi euro garbi urteko lehen zatian

Gauzak hala, aurtengo emaitza ekonomikoak iazkoa baino hobeak izango direla aurreikusi dute multinazionelako buruek, lehen hiruhilekoa “oso positiboa” izan dela nabarmenduta.

Akziodunen batzarrean azaldu dutenez, Tubos Reunidosek 50 milioi euroko mozkin garbiak lortu ditu dagoeneko aurten, 2022 osoan zehar lortutako irabaziak 6,5 milioi eurotan gaindituta. Maiatzaren 31rako, 300 milioi eurotan baloratutako salmentak eginak zituen multinazionalak, iaz epealdi berdinean eginikoak baino %35 gehiago.  

Udazkenetik aurrera, Tubos Reunidosek Amurrioko altzairutegian bildu nahi ditu “goiburuko prozesu guztiak”

Modu horretan, enpresak espero du dagokion epeetan ordaindu ahalko izatea bankuen maileguak eta SEPIren 112,8 milioi euroko erreskate publikoagatik zor duena.

Hala ere, urtearen bigarren zatian negozioa “mantsotuko” dela uste dute, Francisco Irazusta Tubos Reunidoseko presidenteak aurreratu duenez. 142 milioi euroko eskaera zorroa du pilatuta enpresak une honetan. 

Aldaketak Amurrioko lantegian

Udaren ostean, hainbat aldaketa egin nahi ditu Tubos Reunidosek Amurrioko lantegian. Bertako altzairutegian egin nahi ditu “goiburuko prozesu guztiak”. Horrez gain, Trapagaraneko lantegia ere indartuko dute, bertan egingo baitira orain arte Vallourecen ekoizten ziren soldadurarik gabeko tutuak, Frantziako fabrika horren zati bat itxi baitute.

Hala ere, gogoratu beharra dago Trapagako altzairutegia 2021ean itxi zuela Tubos Reunidosek, eta azpiegitura Amurriora mugitu zuela, bidean enplegua suntsituz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide