ESK sindikatuak iruzurtzat jo du Tubos Reunidosen hasiko den lan-erregulazio espedientea

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 29a, 15:50

Sindikatuen mobilizazio baten irudia.

ESK-k leporatu dio Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzari lan-erregulazio espedientea baliatzea bere etekinak handitzeko eta erakunde publikoei, aldiz, hori ahalbidetzea. Ostiralean hasiko da beharginen lanaldia murriztuko duen neurria.

ESK sindikatuak oharra zabaldu du adierazteko Tubos Reunidos enpresan ostiralean hasiko den lan-erregulazio espedientea iruzurra dela. Langile-erakundearen aburuz, neurri hori zilegia ez den moduan baliatuko du konpainiak, hau da, etekinak handitzeko.

ESK-k gogoratu du enpresak 54,5 milioi euroko mozkin garbia lortu duela 2023ko lehen sei hilabeteetan, 87 milioiko EBITDArekin, 333 milioiko negozio-zifrarekin eta %36ko hazkundearekin. Datu horien ondoren, enpresak 6 hilabeteko aldi baterako lan-erregulazioa ezarri du, lanaldiaren % 50eko gehieneko eraginarekin Amurrioko lantegian.

Konpainiak argudiatu du aurreikuspen txarrak daudela merkatuan eta sei hilabeteko tartea erabiliko du inbertsioak eta obrak egikaritzeko Amurrioko faktorian bertan.

Espedienterako oinarririk ez

Sindikatuaren aburuz, ez dago arrazoirik espedientea ezartzeko, eta 790 beharginen lanaldi murrizketak bilatzen duena da mozkinak handitzea, langileen eta bitarteko publikoen kalterako: "Plan horren ordaintzaileak langileak izango  dira, soldaten murrizketekin eta langabezia-prestazioaren gastatzearekin, bai eta herritar guztiak ere, SEPEk egin beharko dituen ordainketekin".

Gogoratu beharra dago azken urteetan enpresan ezarriko den zortzigarren espedientea izango dela ostiralean honetan hasiko dena.

Kontraesanak

Halaber, ESK-k begien bistan dauden kontraesanak azpimarratu ditu. Alde batetik, enpresak espedientea negoziatzean eskaini dituen soldata gehigarriak: "Enpresaren egoera txarra balitz, ez zukeen soldata-osagarririk eskainiko trukerako txanpon gisa, sindikatuek aldi baterako lan-erregulazioa eta enpresak azaldutako arrazoiak onar zitzaten".

Bestetik, lana erregulatzeko neurriaren hirugarren hilabetean enpresak aurreikusi du altzairutegiko txandak handitzea: "Trapagarango lantegia ere lingotez hornitzeko gehikuntzak ekarriko duen ekoizpen-igoeraren ondorioz. Une horretatik aurrera, Amurrioko altzairutegia izango da lehengaiaren hornitzaile bakarra".

Erakunde publikoen jarrera

Azkenik, Administrazioaren jarduera ere kritikatu du sindikatuak. Izan ere, Tubos Reunidosek dirutza jaso du ICO eta SEPIren bitartez eta, langile-erakundearen iritziz, instituzio publikoak ez dira ari enpresaren portaera ikuskatzen.

Bide batez, ESK-k arbuiatu du Tubos Reunidos eta enpresa handien jokaera erakunde publikoei dagokienez, etengabe kritikatzen baitituzte eragile publikoen esku hartzeak, baina aukera duten bakoitzean diru publikoa eskatzen dute euren patrikak betetzeko, sindikatuaren aburuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide