Atxilotzeko arriskuan daude Galder Barbado eta Aitor Zelaia, amaitu egin baita espainiako auzitegiek bi gazteei espetxean sartzeko emandako epemuga.
Lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak biei, "material lehergarriak helburu terroristekin gordetzea" egotzita. Helegitea jarri zuten orduan, eta maiatzean iritsi zen kondenen berrespena Espainiako Auzitegi Gorenaren eskutik.
Ikasturte hasierarekin batera iritsi da espetxeratze agindua, eta hori salatzeko mobilizazio ziklo berria egon da azken asteetan. Dozenaka manifestazio, elkarretaratze eta ekimen egin dira Euskal Herri osoan. Aiaraldean Amurrio, Laudio, Orozko zein Urduñan egin dira mobilizazioak, eta gaur ikasleen elkarretaratzea egon da Amurrion.