Pasa den astean Tubos Reunidoseko Amurrioko lantegian urrats berria egin zuten Trapagako altzairutegia behin betiko barruan hartzeko. Hain zuzen, galda bat produzitu zuten ekoizpen sistema ondo doan probatzeko.
Horretarako, Trapagako dozena bat langile inguruk parte hartu zuen prozesuan.
Azaroaren 2an beste proba bat egingo dute eta Trapagako beste 12 langile inguru ekartzea aurreikusi du enpresak, iturri sindikalek azaldu dutenez.
Edonola ere, altzairutegia ez dago funtzionamenduan oraindik eta proba gehiago egin beharko dituzte horretarako.
Bi urte erabakia hartu zutenetik
Duela bi urte baino gehiago aurreratu zuen Tubos Reunidos taldeak Trapagako zein Nafarroako azpiegiturak itxiko zituela, Amurrion denak batzeko.
Printzipioz, altzairutegi berriak deskarbonizazioa eta produkzioaren modernizazioa helburu dituela azaldu zuen konpainiako zuzendaritzak bere industria plan berria aurkeztu zuenean.
Ordea, sindikatuek salatu zuten neurriak, enplegua suntsitzeaz gain, Ezkerraldeko desindustrializazioan sakonduko duela. Ezin da ahaztu 2018an hainbat kaleratze egiten saiatu zela konpainia Trapagan, baina mobilizazioek eten zituztela.
Horrez gain, langileen antolakundeek gogor kritikatu zuten estrategia berri hori SEPIk 112 milioi euroko mailegua baimendu ondoren jakinarazi zutela.