2.249 kilo jaki banatu zituen Arabako Elikagai Bankuak martxoan. Lurralde osoko familietara iritsi ziren, banaketak egiteaz arduratzen diren elkarteen bidez. Familia horietako 103 izan ziren Aiaraldekoak: 95 Amurriokoak eta zortzi Artziniegakoak. Amurriokoei Laguntza elkarteak banatu zizkien elikagaiak. Baina elkarte horretako kideen azken banaketa izan zen martxokoa, hogei urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki baitute, Udalarekin hainbat gorabehera izan ostean.
Une honetan, Artziniega da Arabako Elikagai Bankuko elikagaiak jasotzen dituen Aiaraldeko udalerri bakarra. Amurrioko Laguntza elkarteak martxoan egin baitzuen azken banaketa, bere ibilbidea amaitutzat emanez
Gauzak hala, apirilean 103tik zortzira jaitsiko da Arabako Elikagai Bankuaren laguntza jasotzen duten Aiaraldeko sendien kopurua. Artziniegako zortzi familia horiek Udalaren bitartez jasotzen dituzte produktuak. “Udaleko kide bat dator Gasteizko biltegira hilero, familia horiei dagozkien jakiak jasotzera”.
Hala azaldu dio Jose Andres Gabilondok Aiaraldea Komunikabideari. Bankuko lehendakariordea izan da hainbat urtez, eta bera arduratzen da Udalekin harremana izateaz.
Izan ere, tokiko erakundeetako gizarte zerbitzuetako langileak arduratzen dira bankura jotzen duten herritarrei ebaluazioa egiteaz, elikagaiak jasotzeko baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko. “Duela lauzpabost urte hasi ziren Europar Batasunetik esaten elikagaiak jasotzen dituzten herritarrak gizarte arloko profesional batek ebaluatu behar zituela”, azaldu du Gabilondok. Bere hitzetan, Udalak dira horretarako prestatuen dauden erakundeak, eskura dituztelako herritarren datu sozioekonomikoak.
Nabarmendu duenez, Amurriokoa da salbuespen bakarra. Bertako Udalak ez du bere gain hartu nahi izan ebaluazioak egiteko lana. “Bere garaian eurekin bildu ginen eta ezetz esan ziguten, argudiatuta ez zutela elikagai bankuarentzat lan egingo”, oroitu du Gabilondok. Eta erabiltzaileen balorazioen gaia da, hain zuzen, Laguntza elkartearen itxiera eragin duena. Horri lotuta, Amurriokoa bezalako elkarteen funtzioa aldarrikatu du Gabilondok: “Elikagai bankuak ez du produkturik banatzen. Herrietako elkarte edo erakundeak dira lan hori egiten dutenak. Baina elkarteek ezin duten euren kabuz ebatzi janaria nori eman edo nori ez, horretarako behar dira profesionalek eginiko ebaluazioak”.
Gabilondok oroitu duenez, Laudion duela lauzpabost urtera arte ere banatzen zituzten elikagaiak. “Udala arduratzen zen erabiltzaileen balorazioak egiteaz, eta boluntarioak bideratzen zituen banaketak antolatzeko”. Baina, gero, dinamika hori bertan behera uztea erabaki zuen tokiko erakundeak. Gabilondok ez daki zehazki zergatik gertatu zen hori, baina imajinatzen du Udalak beste moduren batean beteko zituela familia erabiltzaileen beharrizanak. Izan ere, Arabako Elikagai Bankua ez da oinarrizko beharrizanak asetzen aritzen den elkarte bakarra, badaudelako zeregin horretan aritzen diren bestelako erakundeak ere (Caritas, Gurutze Gorria…). “Jendea artatua dagoen bitartean, berdin zaigu non laguntzen dieten. Oxala desagertzea, hori da gure azken helburua, herritarrak hobeto artatuko dituztelako ongizate zerbitzu publikoek”.
Etorkizuna ate joka
Itxiera agian ez, baina aldaketa ugari bai etorriko direla laster elikagai bankuetara, Europar Batasunaren eskutik, berriz ere. Datozen hilabeteetan jarriko dute martxan Europako Gizarte Funtsaren Oinarrizko Programa. Horren bidez, Gurutze Gorriak erosketa-txekeak emango dizkie horren beharra duten familiei, oinarrizko produktuak zuzenean erosteko aukera izan dezaten, dohaintzan jasotzera itxaron beharrik gabe. Hala ere, adingabeak euren kargura dituzten familiek soilik jaso ahalko dute laguntza hori. Beraz, aldaketak aldaketa, erronkak bere horretan jarraituko du: inor atzean geratzen ez dela ziurtatzea.