Emakundeko Idazkari Nagusi izateari utzi dio Josune Irabien amurrioarrak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari berria izateko. Astearteko Gobernu Kontseiluan hartu zuten erabakia, Maria Ubarretxenak jarraian eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez. "Kontseiluan egon den izendapen aldaketa bakarra Josune Irabienena izan da, orain pasatuko delako zuzendari izatera hizkuntza politikako sailean, horregatik egon da bere kargugabetzea eta bere izendapena", azaldu zuen kontseilariak, prentsaren galderei erantzunez.
Irabienek berak Aiaraldea Komunikabideari baieztatu dio ostiralean argitaratuko dela izendapena modu ofizialean, eta larunbatean sartuko dela indarrean.
Urtebete eman du Irabienek Emakundeko Idazkari Nagusi moduan. Aurretik, baina, hiru legealditan izan zen Amurrioko alkate, baina hirugarren agintaldia hasi eta urtebetera utzi zuen, Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izatera pasatzeko. Hori egin zuenean, Txerra Molinuevori pasa zion aginte-makila, egungo alkateari.
"Euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko" ekimenak sustatzea izango du Irabienek bere zereginen artean, besteak beste
Euskara sustatzeko eginkizuna
Hainbat eginkizun izango ditu Irabienek bere kargu berrian, zuzendaritzaren webgunean zehazten denez. "Gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatu eta koordinatzea" egokituko zaio, eta berea izango da baita "euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzeko" eta "euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko" ekimenak sustatzeko ardura. "Euskaraldiaren sustapen eta koordinazio lanak" egiteko zeregina ere izango du, eta "euskararako interes globaleko proiektuak" ere garatu beharko ditu, "euskalgintzako organismo eta elkarteekin batera".