Aiaraldea Komunikabideak eskaera ofiziala tramitatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean, Euskara Sustatzeko zuzendari berriak bitartekari lanak bete ditzan Amurrioko Udalaren eta Komunikabidearen artean, Udalak alde bakarrez kendutako dirulaguntzaren auzian.
Uda hasieran 1.700 herritar eta entitatek eskatu zioten Amurrioko Udalari “bi aldeen arteko bilera ahalbidetzea eta eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrarentzako dirulaguntza ahalik eta arinen berrezartzea”.
Ekainaren 21ean agerraldi herritar jendetsua egin zen Amurrioko Udaletxearen aurrean. Bertan, irailaren 21era arteko epea luzatu zitzaion Udalari gatazka konpontzeko urratsak emateko. Baina, tarte hori igarota, Amurrioko Udalak berriz egin dio uko komunikabidearekin biltzeari, eta ez du inolako beste urratsik eman.
Egoeraren larritasunaren aurrean, Aiaraldea Komunikabideak hilabeteko bitartekaritza prozesua irekitzea erabaki du, eta mediazio lan hori egiteko eskaera ofiziala luzatu dio Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu berria den Josune Irabien Marigortari.
Komunikabideak azaldu duenez, Irabienek Jaurlaritzan betetzen duen funtzioen artean kokatzen da “euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea". Gainera, Irabienek “ezin hobe” ezagutzen du Amurrioko errealitatea, 9 urtez izan delako bertako alkatea. Horrenbestez, urte hauetan guztietan “lehen eskutik” izan du “Aiaraldea Komunikabidearekiko elkarlan aldiaren berri”.
Aiaraldea Komunikabideak uste du Josune Irabien Marigorta pertsona egokia dela “bi aldeak entzun, eta mahaiaren bueltan adostasunak bilatzen laguntzeko”
Horregatik guztiagatik uste du Aiaraldea Komunikabideak Josune Irabien Marigorta “pertsona egokia” dela “bi aldeak entzun, eta mahaiaren bueltan adostasunak bilatzen laguntzeko”. Jaurlaritzari bidalitako eskaeran nabarmentzen dutenez, Aiaraldea Komunikabidearen eta Amurrioko Udalaren helburu partekatua da “euskararen biziberritzea”, eta ezinbestekotzat jotzen dute “tokiko instituzioen eta herritarren ehun sozialaren arteko lankidetza”, aurrerapausoak eman ahal izateko hizkuntzaren normalizazioan.
Komunikabideak gogorarazi du Irabien alkate zenean sinatu zela “euskarazko komunikabideak sustatzeko, laguntzeko eta finantzatzeko adostasun handiko elkarlan akordioa”. 2012an izan zen hori, eta eskualdeko bederatzi udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. “Elkarlan bide horren emaitza izan da urte hauetan guztietan euskara biziberritzeko lanabes estrategikoa den komunikabidea asko eta ondo errotu dela eskualdean, eta hizkuntzaren biziberritzerako makulu ezinbestekoa bihurtu da milaka eta milaka herritarrentzat”, azaldu dute Jaurlaritzan tramitatutako eskaeran.
Nabarmendu dutenez, elkarlan-hitzarmen zabal hori da Amurrioko Udalak “alde bakarrez bertan behera uztea” erabaki duena urte honen hasieran. Komunikabideak apirilean jaso zuen erabaki horren berri. “Denbora tarte honetan etengabeak izan dira Udalari gaia lantzeko eginiko bilera eskaerak, erabakiaren zergatien berri lehen eskutik izan eta egoera bideratzeko adostasunak bilatzeko”, azpimarratu dute.
Epea, urriaren 31ra arte
Bitartekaritza prozesua urriaren 31ra artekoa izatea aurreikusi du Aiaraldea Komunikabideak, “gatazka are gehiago ez larriagotzeko” eta “lehenbailehen” aurre egiteko euskara sustatzeko proiektuak egun bizi duen finantzaketa defizitari. Komunikabideko kideek uste dute hilabeteko epea nahikoa dela “bi aldeontzako akordio egoki bat” lortzeko, “borondatea izanez gero”.