Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Txerra Molinuevo: “Ez dugu Aiaraldea Komunikabidearekin bildu behar, ez dugu ulertzen zertarako bildu behar garen”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urr. 9a, 15:15

Txerra Molinuevo alkatea, iraileko plenoan. / Amurrioko Udala

Aiaraldea Komunikabidearekin biltzeari uko egin zion berriz Amurrioko alkateak iraileko Udal Osoko Bilkuran, berriro mahai gainean jarriz, bere hitzetan, eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra “enpresa pribatu bat” dela. 

Amurrioko Udalak ez du Aiaraldea Komunikabidearekin biltzeko asmorik, ez duelako ulertzen “zertarako” bildu behar den. Ez diogu guk. Txerra Molinuevok esan zuen hori, iraileko azken ostegunean eginiko Udal Osoko Bilkuran. EH Bilduren udal talde politikoak erregu eta galderen tartea baliatu zuen gaiari buruz galdetzeko, eta hau izan zen, hitzez hitz, alkatearen erantzuna (euskarara itzulita):

“Jada eman genien gaiari buruzko iritzia. Aiaraldea enpresa pribatu bat da eta ez du ezta… esan zitzaien ez genuela eurekin bildu behar, ez genuelako ulertzen zertarako bildu behar ginen. Eurek egin dute… nahi dutena kontatu dute… baina tira, berriro errepikatuko dut: Aiaraldea enpresa pribatu bat da”. 

Gaiaren inguruan sakontzen saiatu zen oposizioko zinegotzia, baina alkateak berehala moztu zion, esanez jada erantzun ziola eta, eztabaida egin nahi izatekotan, gai-ordenean puntu moduan sartu egin beharko litzatekeela. Hemen doa hitzez hitz Molinuevok esandakoa (oraingoan jatorrizko bertsioan, itzuli gabe):

“La galdera te la he contestado. Otra cosa es que me quieres contestar a mi con respuesta… eso ya no es una pregunta, eso es un debate, ¿no? Pues si es un debate no entra en ruegos y preguntas. ¿De acuerdo, no? Queda claro”.

Tira-bira apurtxo bat gehiago luzatu zen, baina bide beretik. Nahi duenarentzat, hemen dago pasarte osorik ikusteko aukera:

Denbora behar izan du, baina azkenean Molinuevok erantzun bat eman dio 1.700 eragile eta norbanakok (tartean Amurrioko 500 eragile eta elkarte baino gehiagok) iragan ekainaren 21ean eginiko eskaerari. Gobernuburuak hiru hilabete pasatxo behar izan ditu berriz errepikatzeko ezetz, ez diela kasurik egingo bere herriko ehunka elkarte eta herritarrek Aiaraldea Komunikabideari dirulaguntza kendu izanaren ondorioz duten kezka eta ezinegonari.

Alkateak hiru hilabete pasatxo behar izan ditu berriz errepikatzeko ezetz, ez diela kasurik egingo bere herriko ehunka elkarte eta herritarrek Aiaraldea Komunikabideari dirulaguntza kentzearen ondorioz duten kezka eta ezinegonari.

Eta bere ezezkoa justifikatzeko, Molinuevok argudio klasikoetan klasikoenari eutsi dio berriz: Aiaraldea “enpresa pribatu” bat dela. Argudio horretan oinarritzen da Udalak gaiari buruz orain arte egin duen adierazpen publiko bakarra, maiatzean plazaratutakoa.

Orduz geroztik ez du inolako bestelako nabardurarik egin, nahiz eta Aiaraldea Komunikabidetik segituan erantzun genion argudio horri, hemen ikus daitekeen analisian. Testu luze horretako paragrafo bat hitzez hitz errepikatuko dugu orain, ze badirudi alkateari ez zaiola argi geratu:

Izan ere, tokiko erakundeak planteatzen duen mundu ikuskera murritzean, multzo berean sartuta egongo lirateke gizarte zibilaren ekimenez azken hamarkadetan sortu diren euskalgintzako ehun sozial gehienak, eta baita bere jabeak aberasteko helburu hutsarekin sortutako sozietateak ere. Dena batera, denak baitira gauza bera: "enpresa pribatuak".

Planteamendu hori bere azken ondorioetara eramanez, zaku berean egongo lirateke, adibide tonto bat jartzearren, Tubacex eta KORRIKA. Izan ere, ez dezagun ahaztu Euskal Herrian euskararen alde egiten den ekimen jendetsuena, Amurrioko Udalaren arrazoiketari jarraiki, “enpresa pribatu batek sustatutako ekimena” izango litzatekeela (nahiz eta hori ez zen oztopo izan 2022an KORRIKA Amurriotik abiatu eta Udalak lehenengo kilometroetako bat hartzeko).

Argi dago: konparaketa hori txiste hutsa dirudi. Baina, hala eta guztiz ere, kasurik hipotetikoenean, Aiaraldea Komunikabidea eta Tubacex zaku berean egongo balira ere, horrek ez luke alkateak udalbatzan erakutsitako jarrera justifikatuko. Edo norbaitek uste al du benetan Txerra Molinuevok Jesus Esmorisi (Tubacexeko buruari) ez liokeela bilera bat emango (eta baita bat baino gehiago ere) honek hala eskatu eta berehala? Amurrioko Udala uneoro ari da gisa askotako enpresekin biltzen eta, nola ez, hori ondo dago, enpresa horiek eskualdeko gizarte ehunaren parte diren heinean.

Eta komeni da berriro errepikatzea: Aiaraldea Komunikabidearen kasuan, gainera, bilera egiteko eskaera 1.700 eragilek eta herritarrek egin dute. Interes publiko aski probatua dago, baina Molinuevok jarraitu egiten du horri sorbalda ematen, duela sei hilabete fabrikatutako argudioei Korrikako lekukoari baino irmoago helduz. 

Itxitura jarrera erabateko horren aurrean, Aiaraldea Komunikabideak urrats bat aurrera egitea erabaki zuen irailaren 21aren ostean, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailera jo zuen, ofizialki eskatuz bertako Euskara Sustatzeko Zuzendari den Josune Irabien Marigortari bitartekari lanak egitea auzi honetan.

Aiaraldea Komunikabidearen eskuak luzatuta egoten jarraitzen du, ikusteke dago ea Udalak (eta, zehatzago hitz eginda, alkateak) berea irekitzen duen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide