Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari kendutako dirulaguntzaren auzia izan zen, seguru aski, euskararen esparruan eskualdean 2024an jazotako gertakaririk esanguratsuenetako bat. Dena den, logikoa da guk, Aiaraldea Komunikabidetik, hori horrela ikustea, gure jarduna erabat baldintzatu duen gaia izan baita Amurrioko Udalarena, onerako zein txarrerako. Txarrerako, energia eta denbora asko kendu digulako tokiko erakundearekin borroka dinamika batean sartzeak. Eta onerako, komunikabideak jaso duen elkartasun olatuak pilak erabat kargatu dizkigulako aurrera egiteko.
Amurrioko Udalak behin baino gehiagotan egin dio uko eskualdeko euskara hutsezko komunikabide bakarrari kendutako dirulaguntza- ren auziaz hitz egiteko biltze hutsari
Bihurgune ugari izan ditu auziak azken hilabeteetan. Beraz, hurrengo lerroetan saiatuko gara gertakari eta titular nagusiak laburbiltzen, gaian zerotik murgildu nahi duen irakurleak krokis osoa izan dezan.
Goazen hasierara: 2024ko maiatzaren 24an jakinarazi genuen Amurrioko Udalak 12 urtez indarrean egondako dirulaguntza kendu ziola eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari, egun batetik bestera eta aurretik inolako jakinarazpenik eman gabe.
Berez, bide ez-ofizialetatik jaso genuen erabakiaren berri, apirilean. Udalarekin harremanetan jartzeko saiakeretan igaro genituen hurrengo asteak, bilera bat egiteko eskatuz. Gaur gaurkoz, oraindik ez dugu Udalaren partetik inolako jakinarazpen ofizialik jaso, eta alkateak hainbat aldiz egin dio uko biltze hutsari.
Euskararen aurkako erabakia
Egoera hori ikusita, auzia plaza publikora eramatea erabaki genuen. Txakolin Eguna baliatu genuen horretarako. Amurrioko hainbat bazkide eta boluntariori esker, eskuorri eta kartelen bidez salatu genuen Udalak euskararen aurka hartutako erabakia. Bai, euskararen aurkakoa. Gazteleraz esaten den moduan, zuhaitzak ez dezala basoa ezkutatu. Euskararen aurkako erabakiak bata bestearen atzetik joan dira Txerra Molinuevok alkate makila hartu zuenetik. Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskararen alde planteatutako azken ekimenetan parte hartzeari (Euskararen Semaforoan, jaietan euskara sustatzeko dinamikan edota udal hauteskundeetan konpromiso zehatzak hartzeko planteamenduan, besteak beste).
Aiaraldea Komunikabideari dirulaguntza kentzea Amurrioko Udalak euskararen aurka hartutako hainbat erabakiren segida da
Horrez gain, euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik ezabatzea erabaki zuen iaz, azkenean presio sozialagatik atzera egin zuen arren. Aurten, aldiz, langileen euskara profil derrigortasuna kendu du Amurrioko udal kirol guneen kudeaketarako lizitazio publikotik.
Hori guztia salatzeari ekin genion udaren atarian, euskarazko komunikabideen aldeko atxikimendu kanpaina abiatzearekin batera. Bilera maratoia abiatu genuen Amurrioko ehun sozial eta ekonomikoko zein kultur edota kirol elkarteetako ordezkariekin. Baina Udalak ere ekin zion bere fitxak mugitzeari: kontaktu erronda propioa abiatu zuen herriko elkarteekin, bere bertsioa plazaratzeko, eta Aiaraldea Komunikabidearen kartelak kentzeko agindua eman zuen, Komunikabideko kideok hainbat iturritatik konprobatu ahal izan genuenez.
Udalaren iritzia
Gelditu dezagun kontakizuna tarte batez, gauza inportante bat utzi baitugu tintontzian. Zein zen Udalaren bertsioa gai honetan guztian? Tokiko erakundeak bi aldiz baino ez du adierazpen publikorik egin afera honen inguruan. Lehen aldia maiatzean bertan izan zen, albisteak hedabideetara salto egin eta biharamunean. Argudio nagusi bat plazaratu zuen bertan Amurrioko Udal Gobernuak prentsa ohar baten bidez: Aiaraldea Komunikabidea “enpresa pribatu” bat dela eta “lehia desleiala” egiten diela herriko gainontzeko negozioei, gainontzeko “tokiko ekintzaileek” ez dituztelako horrelako dirulaguntzak jasotzen.
Aiaraldea Komunikabidetik analisi luze batekin desmuntatu genituen ohar horretan plazaratutako argudio guztiak. Ez dugu azalpen berdina berriro emango, urtekari honetan dagoen espazioa mugatua delako; baina, oso modu eskematikoan laburbiltzeko:
- Aiaraldea Komunikabidea gizarte ekimeneko irabazi asmorik gabeko kooperatiba da (aitortza hori eman dio Eusko Jaurlaritzak). Irabazirik izatekotan proiektuan berrinbertitzen da, eta Udaletatik jasotzen duen dirua komunikabidean jarduna finantzatzera bideratzen ehuneko ehunean.
- Komunikabidearen jarduna ez da ekonomikoki errentagarria. Kooperatibak urtez urte jarri behar du dirua defizita estaltzeko, eta beste toki batzuetatik eskuratu behar du finantziazioa, bazkideen kuoten bidez edota bestelako zerbitzuak eskainiz, besteak beste.
- Irabazi asmodun enpresek dirua jasotzen dute Amurrioko Udalaren zein bestelako erakunde publikoen partetik.
Udalak ez zien kontra-argudio horiei erantzun, eta ez zuen bestelakoa adierazpenik egin, irailera arte. Hilabete horretako Udal Osoko Bilkuran EH Bilduren taldeak galdetu zion alkateari ea zergatik ez zen Aiaraldea Komunikabidearekin bildu ere egin. Hau izan zen, hitzez hitz, Txerra Molinuevoren erantzun osoa: “Jada eman genien gaiari buruzko iritzia. Aiaraldea enpresa pribatu bat da eta ez du ezta… esan zitzaien ez genuela eurekin bildu behar, ez genuelako ulertzen zertarako bildu behar ginen. Eurek egin dute… nahi dutena kontatu dute… baina tira, berriro errepikatuko dut: Aiaraldea enpresa pribatu bat da”. Udalaren bertsioa azalduta, jarrai dezagun kronologiarekin.
1.700 pertsona baino gehiago
Udaren atarian abiatutako atxikimendu kanpainak bere goia jo zuen ekainaren 21ean. Agerraldi jendetsua egin zen egun horretan Amurrioko udaletxearen aurrean, euskarazko komunikabideen alde. 1.700 eragile eta norbanako baino gehiagoren atxikimenduak aurkeztu ziren bertan, Amurrioko 500 elkarte eta norbanako baino gehiagorenak tartean.
Patri Pinedo eskubaloi jokalari ohiak eta Manolo Plazak (Amurrioko Olentzeroa) irakurri zuten manifestua, eta hainbat eskaera egin zizkioten Udalari. Alde batetik, “elkarlana estutzea” udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin, “eragile aktibo” bilakatzeko “euskararen biziberritzearen prozesuan”. Bestetik, Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz abiatu eta normalizatzeko, dirulaguntza berrezartzeko eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzeko, “eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz”.
1.700 eragile eta norbanako baino gehiagok eskatu diote Amurrioko Udalari dirulaguntza berrezartzea
Agerraldian uda amaierara arte eman zitzaion Udalari planteatutako eskaerei erantzuteko epea. Spoiler: ez zuen egin. Are gehiago, berriz uko egin zion biltze hutsari.
Egoera ikusita, eskua luzatuta jarraitzea erabaki genuen Komunikabidetik, eta beste bide bat jorratzea erabaki genuen. Amurrioko Udalarekiko gatazkan bitartekaritza lanak egiteko eskaera luzatu genion Josune Irabieni, Eusko Jaurlaritzako Euskara Zuzendari izendatu berriari. Uste genuen (eta uste dugu) bera dela funtzio hori betetzeko pertsonarik aproposena. Zergatik? Bada Euskara Zuzendari bezala dituen arduren artean kokatzen delako euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea eta ezin hobe ezagutzen duelako Amurrioko errealitatea, bertako alkate izan zelako 9 urtez. Berak sinatu zuen 2012an Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmena, eta berak pasatu zion aginte makila Txerra Molinuevori.
Egoerak blokeatuta jarraitzen du gaur gaurkoz. Abiatzen saiatu garen bitartekaritza prozesuak ez du emaitzarik izan orain arte
2025an ere ez
Gauzak hala, bitartekaritza hori garatzeko saiakeretan igaro genuen 2024 urtearen azken zatia. Egon dira bilera informalak, Komunikabideak aterabide posibleak jarri ditu mahai gainean… baina, gaur gaurkoz esan dezakegu prozesu horrek ez zuela inolako emaitzarik izan, Udalak ez dielako erantzun ere egin planteatutako proposamen eta alternatibei.
Jasotako erantzun bakarra duela astebetekoa izan zen: Amurrioko Udalak 2025eko aurrekontuetatik kanpo utzi zuen berriz Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza. Horren aurka protestatzeko, komunikabideko hainbat bazkide eta langile bertaratu ginen plenora, eta hitza hartu genuen bertan. Txerra Molinuevo alkatea, aldiz, ez zien erantzun ere egin planteatutako aferei:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!