
Badirudi Tubos Reunidos enpresan matxuratutako labea konpondu dutela jadanik. Berez, zuzendaritzak adierazi zuen asteartean (hau da, atzo), egongo zela azpiegitura lanean, baina gaur hasi da ekoizten.
Horretarako probak egin dituzte hainbat tenperaturarekin eguerditik aurrera eta, antza, normaltasun osoz ari da produzitzen jadanik.
Aipatu beharra dago labearen arazoek gatazka gehiago ekarri zituztela. Izan ere, enpresak mehatxatu zuen indarrezko enplegua erregulatzeko espedientea abiatzearekin sindikatuek ez bazuten onartzen lanaldi erregularra ezartzea konponketek iraun bitartean.
Erabaki hori hartu beharrak tirabirak sortu zituen sindikatuen artean eta azkenean enpresa batzordeko gehiengoak (UGTk, CCOOk eta LABek) negoziatu eta akordioa lortu zuten zuzendaritzarekin. Gauzak horrela, konponketek eragindako lanaldi galduen erdia berreskuratu beharko dute beharginek eta beste erdia ordainduzko baimen gisa gozatuko dute.