Enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente berria aurkeztuko du Tubos Reunidosek, antolaketa eta produkzio arrazoiengatik. Hala jakinarazi zien atzo multinazionaleko zuzendaritzak Enpresa Batzordeko kideei.
Espediente hori salatu du ELAk. Sindikatu horren aburuz, horrelako neurrien mekanismoez baliatzen da enpresa beharginen lan-baldintzak ahultzeko, "irabaziak handitzeko helburuarekin".
Antzeko adierazpenak egin ditu ESK-k ere. Langileen erakunde horrek nabarmendu du enpresak langileak estutzen dituela hainbat hilabetez, eskarien epeak betetzeko, eta gero beharginen langabeziarekin ordaintzen dituela ekoizpen maila baxuko garaiak. Horri lotuta, une honetan fabrika "bere gaitasun osoan" jarduten ari dela nabarmendu dute.
Zehaztu dutenez, uztailaren 8an hasiko da espedientearen kontsulta epea, eta orduan izago dute sindikatuek informazio gehiago.
Bederatzi espediente 2009tik hona
Azken honekin, hamar espediente aurkeztu ditu Tubos Reunidosek 2009tik hona. Iaz abiatu zutena martxoan hasi zen, eta urte amaierara arte luzatu zuten azkenean.
Horrez gain, urte honen hasieran fabrikako labea matxuratu zen, eta UGT, LAB eta CCOO sindikatuek akordioa sinatu zuten azpiegitura konpondu bitartean betetzen ez ziren lanaldiak arautzeko.