Aurten ere txosna solidarioa jarriko dute Amurrio Trail Taldeko kideek abuztuko jaietan, Juan Urrutia plazan, herriko gainontzeko kirol elkarteekin elkarlanean. Festetako hiru egun jendetsuenetan arituko dira barra txandak egiten, 12, 14 eta 16an, hain zuzen ere.
Modu horretan, ASFAPE elkartearentzako dirua bildu nahi dute. Perthes gaixotasuna duten familiak biltzen ditu talde horrek. Azaldu dutenez, gaitz horrek haurren aldaketan du eragina, eta Amurrion bi lagunek pairatzen dute. Horregatik erabaki dute aurtengo elkartasun txosna elkarte horren aldekoa izatea.
Amurrioko bi lagunek dute perthes gaixotasuna, eta horregatik erabaki dute aurten ASFAPE elkartea laguntzea.
Lau urteko ibilbidea
Txosna solidarioaren laugarren urtea izango da aurtengoa. Helburu bera izan du beti egitasmoak: gaixotasun arraroren bat pairatzen duten pertsonak edo euren senideak ekonomikoki babestea.
Lehen urtean X hauskorra gaixotasuna hartu zuten ardatz, eta bigarrenean Duchenne Parent Project egitasmoa babestu zuten. Iaz, aldiz, Hodeilargi ekimenean jarri zuten begirada.
Trail taldeko kideen hitzetan, "elkarte asko" jartzen dira eurekin harremanetan Babio Igoeran edo elkartasun txosnan parte hartzeko. "Zoritxarrez, ez gara guztietara heltzen, baina pozten gaitu gurekin harremanetan jartzea, egiten den lana oso positiboki baloratzen dutenaren seinale delako", azaldu dute.
Amurrio Trail Taldea dago txosnaren antolakuntzaren atzean, baina herriko gainontzeko kirol taldeek ere parte hartzen dute ekimenean. Guztien artean "harreman polita josi" dutela nabarmendu dute, urtean osoan egiten dituzten ekintzetan elkarri laguntzeko.