Gaur bilera egin dute Tubos Reunidos konpainiako zuzendaritzak eta Amurrion lan egiten duten beharginen ordezkariek. Izan ere, enpresak aldi baterako erregulazio espediente berria ezarri nahi du, irailaren 1etik otsailaren 28ra bitartean, zehazki.
848 langileri eragingo lioke neurriak eta lanaldiaren %60ra murriztuko lieke, 72 egunez gehienez.
Konpainiak hurrengo asteetan azkartuko du prozedura eta bilerak deitu ditu sindikatuekin hilaren 14, 16, 18 eta 22rako.
Momentuz, langileen erakundeek azaldu dute euren egiturekin ikertuko dutela enpresak bidalitako dokumentazioa.
Gogoratu beharra dago amaitutako azken espedientean zenbait baldintza adostu zituztela enpresa batzordeak eta konpainiak, sindikatuek epaitegietara ez jotzeko.
Zehazki, akordio horren arabera, Tubos Reunidosek bermatu zuen osagarrien bidez langileek hilero euren soldata gordinaren %83 jasotzea (espedientearen ondorioz egunero lan egin ez arren) eta aparteko soldatak eta opor kopuru bera mantentzea. Gainera, espediente barruko beharginek lan egitera joan behar izanez gero, enpresak 48 ordu lehenago jakinarazi behar zien aldaketa.
Hamargarren espedientea
Aurten abiatu nahi duten Aldi Baterako Lan Espedientearekin, Tubos Reunidoseko arduradunek hamar jarri dituzte indarrean 2009tik.
ESK sindikatua bereziki kritikoa izan da zuzendaritzaren kudeaketa eredu horrekin eta ELAk ere iritzi bera plazaratu zuen pasa den astean. Euren ustez, enpresariek espedienteak baliatzen dituzte kontuak egokitzeko, konpainiak jarraitu baitu dirua irabazten azken urteetan eta diru ugari banatu du zuzendaritzako kideen artean, beharginek langabezia xahutzen duten bitartean.