Tubos Reunidos enpresak Aldi Baterako Erregulazio Espediente berria jarriko du abian irailaren 1etik otsailaren 28ra bitartean. Hori lortzeko, zenbait hobekuntza eskaini dizkie zuzendaritzak langileei, espedientea ez judizializatzearen truke.
Proposamen hori atzo onartu zuten beharginek, batzarrean. Zehazki, 113k alde egin zuten eta 59k aurka. Bozketa egin zuten, kontsulta epea amaitu eta gero sindikatuek ez zutelako onartu Tubos Reunidosek nahi zuen akordioa.
Hauek dira enpresak eskainitako hobekuntzak:
- Aparteko ordainsariak %100ean kobratzea.
- Oporrak eta egun libreak %100ean kobratzea.
- Soldataren %80 jasotzea, enpresaren gehigarrien bitartez.
- Langabezia kobratzeko eskubidea ez daukaten langileek %80ko osagarria jasoko dute, SEPEtik ez baitute ezer kobratuko.
2024an ere akordioa
Atzoko bozketak aurrekaria dauka. Izan ere, iaz antzeko akordioa sinatu zuten. Hori bai, LABen iritziz, 2024an lortutako zenbait abantaila galdu dituzte, adibidez, aurreko espedientean soldata %83ra arte osatzen zuen konpainiak.
ESKk, bere aldetik, azken asteetan zabaldutako diskurtsoa berretsi eta azaldu du enplegu espedienteari bide ematearen kontra dagoela. Sindikatu horren ustez, lan hitzarmenaren baldintzak saihestea lortzen du enpresak horrela, besteak beste. Adibidez, egutegi aldaketak jadanik ez ditu 15 egun lehenago jakinarazi behar, aste bakarrarekin balio zaio. Horrez gain, 48 ordu lehenago desregulatu ditzake langileak SMS bidez.