Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak erabakitako 301 kaleratzeek soka luzeko lurrikara sortu dute. Langileen greba deialdi eta lanuzteetan ez ezik, ezinegona agerikoa da esparru politikoan ere eta hori bereziki islatzen ari da jeltzaleen eta sozialisten artean.
Hain zuzen, Arabako PSE-EEk oharra zabaldu du gaur Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiaren adierazpenak kritikatzeko. Izan ere, Gonzalezek iritzi du Tubos Reunidos konpainiaren egoera konpontzeko ezinbestekoa dela SEPIren inplikazioa.
Aipatu beharra dago SEPIk aurretik azaldu duela multinazionalari egindako maileguaren baldintza legalak oso zurrunak direla eta ezinezkoa dela zorraren ordainketarik bertan behera uztea.
PSE-EEren kritikak
Gauzak horrela, Arabako PSE-EEk (hau da, Gonzalezen Foru Gobernuko kideak) leporatu dio Ahaldun Nagusiari saiatzen ari dela Espainiako Gobernuari Tubos Reunidosen egoeraren ardura leporatzen. Sozialisten aburuz, SEPIk eskainitako kreditua ezinbestekoa zen enpresak aurrera egiteko eta horrelako akusazioek ez dute konponbidean laguntzen.
Horrez gain, PSE-EEk iniziatiba hartzea exijitu dio Gonzalezi: "Arabako Foru Aldundiak askoz ere zeregin handiagoa izan dezake eta aktiboa izan behar du, eta ez bakarrik enpresaren bideragarritasun plan baten aurkezpenera baldintzatzea. Interesdunengandik, langileengandik, hornitzaileengandik eta tokiko ehun ekonomikoarengandik hurbil dagoen erakunde gisa, bere funtzioa ezin da mugatu enpresa-planak itxarotera edo hirugarrenen inplikazioa eskatzera. Erakundeak ez daude itxaroteko; lideratzeko daude."
Eusko Jaurlaritza
Halaber, alderdi sozialista arabarrak exijitu dio Ramiro Gonzalezi Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea sustatzea, edozein irtenbide, bere iritziz, erakunde guztien elkarlanean sortuko baita (Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Aldundia).
Aurrekariak
Arabako giro politikora heldu den eztabaida, dena den, ez da berria. Aurreko egunetan azaleratu da Mikel Jauregik Ekonomia Sailburuak eta Jordi Hereu Ekonomia Ministroak egindako adierazpenen bitartez.
Jauregi kritikoa izan zen SEPIk egindako maileguarekin, enpresaren zorra handitu zuelako eta Hereuk, aldiz, Gobernuaren babesa baldintzatu zuen produkzioaren eta enpleguaren mantenura.