Zortzi lagun kaleratu dituzte Amurrioko anbulatorio zaharraretik, bi aste eskaseko okupazioaren ostean

Txabi Alvarado Bañares 2026ko abuztuaren 7a

Behin eraikina hustuta, kartel berriak jarri dituzte hesian. / Amurrioko Udala

Uztailaren 19tik 31ra luzatu da ia bederatzi urte hutsik zeramatzan espazioaren okupazioa. Huste-prozeduraren gaineko xehetasunak eman ditu Udalak. Aiaraldea Komunikabideak bertan bizitzen egon diren gazteetako batzuekin hitz egiteko aukera izan du. 

Bi aste eskas iraun ditu Amurrioko anbulatorio zaharraren okupazioak. Eraikinak 2017tik zeraman hutsik, osasun zentro berria inauguratu zenetik, hain zuzen. Amurrioko Udalak  azaldu duenez, uztailaren 19an jaso zuten lehen abisua, eta “arreta handiz” jarraitu du huste prozesua ordutik hona, “legeriak toki-administrazio baten esku jartzen dituen tresna guztiak erabiliz eta agintari eskudunekin etengabeko koordinazioa mantenduz”.

Tokiko erakundeak komunikatu baten bidez eman du azken egunetan jarraitu zuen prozedura guztiaren berri. Bertan zehaztu dutenez, Udaltzaingoak lehen egunetik aktibatu zuen “egoeraren etengabeko jarraipena”. Eraikinera bertaratu ziren lehenbizi, gertakariak egiaztatu eta barruan zeuden pertsonak identifikatzeko. Ondoren, “premiazko atestatua” helarazi zuten epaitegira, “ustezko usurpazio-delitu batengatik”. Zehaztu dutenez, Udaltzaingoa “etengabe” egon da eraikinaren inguruan, eta “bizilagunen abisu guztiei” erantzun die. Horrez gain, “okupazioaren bilakaera dokumentatu” eta “sarbide berriak eragotzi” zituen baita tokiko poliziak. 

Udalak azaldu du “legeriak toki-administrazio baten esku jartzen dituen tresna guztiak" baliatu dituela eraikina husteko. 

“Bildutako informazio guztia epaitegiaren esku utzi zen, eta etengabeko koordinazioa mantendu zen administrazio eskudunekin”, ziurtatu du Udalak. Izan ere, tokiko erakundeak azaldu nahi izan du ezin dutela okupatutako higiezin bat zuzenean hustu, epaitegiari dagokiolako agindu hori ematea. Zehaztu dutenez, uztailaren 28an plazaratu zen huste-agindua, eta hiru egun beranduago burutu zen desalojoa, Udaltzaingoaren eskutik, “gertakari aipagarririk gabe”.

Behin eraikina hustuta, “itxi eta ziurtatu” zuten, “segurtasun-elementu eta informazio-kartel berriak” jarriz. Gainera, “aldizkako egiaztapen-sistema” ere ezarri dute, “baimendu gabeko sarbide berriak saihesteko”.

Zortzi lagun kale egoeran

Aiaraldea Komunikabideak aukera izan du eraikinean bizitzen egon diren pertsonetako batzuekin hitz egiteko. Azaldu dutenez, zortzi lagun zeuden bertan orotara, gazte migratuak guztiak, Aljeriakoak jatorriz. Batzuk Luiaondon uztailean desalojatutako etxetik mugitu ziren bertara. Beste batzuk, aldiz, duela gutxi iritsi dira eskualdera. 

Kaleratutako pertsonek azaldu dutenez, zortzi lagun zeuden orotara eraikinean bizitzen, eta nabarmendu dute eurak ez direla izan espazioan sartu diren lehenak. 

Azaldu dutenez, grafitiz beteta topatu zuten eraikinaren barrualdea, eta leihoak hautsita zeuden. Horregatik, besteak beste, nabarmendu dute eurak ez direla izan bertara sartu diren lehenak. Eraikinaren egoera ikusita, hasieran uste zuten denbora tarte luzeago batez egon ahalko zirela bertan, baina ez da hala izan. Azaldu dutenez, egunero jaso dituzte poliziaren bisitak. 

Behin kalean, bakoitzak bere kabuz bilatu du non bizi. Eskualdeko beste eraikin abandonatu batzuetara jo dute batzuek. Beste batzuek, aldiz, han-hemenka jarraitzen dute, kanpin-dendan lo egiten.

Gizarte-politiken garapena eta okupazioaren aurkako borroka

Udalak, bere aldetik, nabarmendu du Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera ari dela lanean “egoera ahulean dauden pertsonei eta familiei zuzendutako gizarte-politikak garatzeko, pertsona eta familia horien inklusioa, autonomia eta integrazioa bultzatuz, jatorria edo administrazio-egoera edozein dela ere”. 

Baina, era berean, tokiko erakundeak azaldu du elkartasuna ezin dela inoiz nahastu "legez kanpoko jarduerekiko tolerantziarekin”. Instituzio publikoaren hitzetan, “egoera pertsonal batek ere ez du justifikatzen bizikidetza aldatzen duen, segurtasunik eza sortzen duen edo herritar guztien eskubideak urratzen dituen portaerarik”. 

“Horrelako egoerei erantzuteko gero eta tresna arinagoak eta eraginkorragoak” eskatuko dituela iragarri du Udalak. 

Horri lotuta, aldarrikatu du “bizikidetza ahalbidetzen duten arauak” errespetatzean datzala “gizarte demokratikoaren oinarria”, eta horrek bermatzen duela “pertsona guztien eskubide eta betebeharren berdintasuna”. Horregatik, erakundeak ziurtatu du “tinko” jarraituko duela “babes soziala behar duten pertsonak” defendatzen, baina baita okupazioaren ondorioz “beren eskubideak urratuak ikusten dituztenak defendatzen” ere. 

Bukatzeko, komunikatuan eskerrak eman dizkiete herritarrei, “aste hauetan erakutsitako pazientziagatik, ulermenagatik eta lankidetzagatik, batez ere anbulatorio zaharraren inguruan bizi direnei”. Udaltzaingoaren “profesionaltasuna eta konpromisoa” ere aitortu dituzte, “bai eta prozedura honetan parte hartu duten gainerako administrazioen lankidetza ere”.

Etorkizunera begira, aurrerantzean ere “legeriak udalerrien esku jartzen dituen tresna guztiak” baliatuko dituela ziurtatu du Udalak, eta “horrelako egoerei erantzuteko gero eta tresna arinagoak eta eraginkorragoak” eskatuko dituela ere iragarri du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide