Prest duzue dagoeneko Atxetako Jaien egitaraua. Zer topatuko du bertaratzen denak?
Ekaina amaieran egin genuen bilera Gizarte Etxean, eta bertan komentatutako ideiekin osatu dugu egitaraua. Azken orduko aldaketak egon daitezke hala ere, oraindik denbora asko falta baita.
Betiko ekintzez gozatzeko parada izango dute etortzen diren pertsonek: txapelketa gastronomikoa, euskal kantak, igel-toka txapelketa, txokolatea, txistorrada...
Aurtengo nobedadea larunbat gaueko kontzertu-berbena izango da, Al Limite taldeak eskainiko duena. Igande goizean, aldiz, Hutsa bikote akustikoa izango dugu. Ez da faltako, noski, larunbat arratsaldeko dantza-plaza, nahikoa arrakasta izan baitu azkenaldian.
Umeengan pentsatutako ekintzek pisu nabaria dute egitarauan.
Bai, umeak oso presente daude beti gure jaietan. “Gertuko” auzoa gara eta garrantzi handia ematen diogu publiko guztientzako ekintzei zein familian gozatu ahal izateari. Puzgarriak, tailerrak, magia, buruhandiak... haurrek asko gozatzen dute Atxetan!
Tradizio handikoa da txapelketa gastronomikoa. Nola sortu zen?
Urte asko daramatzagu lehiaketa gastronomikoa egiten, eta ez da beti marmitako eta tortillarena izan, bakailaorena ere izan da.
Duela zortzi urte jarri genion zendutako Jesus Gorostizagaren izena ekimenari, urte asko igaro baitzituen berak igandeko herri bazkaria prestatzen.
Nola antolatzen zarete jaiak aurrera ateratzeko? Handia al da auzokideen inplikazioa?
Jaien asteburua laburra baina bizia da. Bakoitzak ahal eta nahi duen horretan laguntzen du. Auzokide guztiok ditugu ateak irekita: barra txandak, txokolatea egitea, mahaiak prestatzea... badago lana lagundu nahi duen horrentzat!
Zuen zain gaude. Auzo txikia gara baina oso jai politak egiten ditugu, adin, herri eta gustu guztientzat.