Zolloko jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Ostiralean emango diete hasiera jaiei 20:00etako txupinazo jaurtiketarekin. Txerriki jana egingo dute gero. Dangiliske taldeak girotutako dantza plazarekin bukatuko dute lehenengo gaua.
Larunbata, San Martin eguna, izango da festetako egun nagusia. 12:00etatik aurrera puzgarriak egongo dira gazteenentzako eta 12:30etan Balmasedako Nafarroa Kantuz taldeak herriko kaleak kantari jarriko ditu. 15:00etan gazte eta umeen bazkaria burutuko dute.
Emakumeak oholtzan
Kontzertuan tartea izango da gaua. Hilean Bariku Bat, Kokein eta Tximeleta taldeak arituko dira oholtzan 22:00etatik aurrera. Antolatzaileek emakumeen presentzia aldarrikatu nahi izan dute eszenatoki gainean.
Igandean, Etorki dantza taldearen eta Zeberioko albokarien emanaldiarekin batera emango diete jarraipena jaiei.
Herri-bazkariarekin batera agurtuko dituzte aurtengo San Martinak, azaroaren 18an.
Antolatzaileek azpimarratu dute Zolloko jaietan ez direla inolako jarrera matxista, homofobo edota xenofoborik onartuko.