“Ahalduntzeko erabili nahi dugu pregoia, lanketa berezia egiten ari gara horri begira”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 7a, 12:25

Hainbat adinetako bizilagunak bildu dira Emakume Sarean. / E.S.

Arrankudiaga-Zollon sortutako EMAKUME SAREKO kideak arduratuko dira aurten Andra Mari Jaietako pregoia irakurri eta lehen suziria pizteaz.

Zer moduz jaso duzue pregoilari izatearen proposamena?
Sorpresa handia hartu genuen proposamena jasotzean. Ilusio handia egin digu. Modu batean edo bestean, herriak azken urteko gure lana baloratu egin duela sentitu dugu, xumea izan bada ere.

Emakumeok jaietan ere espazioa hartzen ari gara eta horretan jarraituko dugu. Sinboliloki balkoira ateratzea eta txupinazoa botatzea ederra izango da.

Nola eta zertarako sortu duzue emakume sarea? Zertan datza? Zein helburu ditu?
Azken urteetan somatu egiten zen emakumeok bagenuela beharra gure bizipenak konpartitzeko. Duela 5 bat urte autodefentsa feministaren tailer batean hainbat adinetako emakumeak batu ginen eta giro berezia sortu zen.

Arrankudiagan eta Zollon, eskolatik hasita, adin ezberdinetako pertsonen arteko harremanek garrantzia berezia izaten dute bizitza sozialean. Batzeko eta idea hauek indartzeko beharra sentitu genuen.

 

“Modu batean edo bestean herriak azken urteko gure lana baloratu egin duela sentitu dugu”

 

Bestalde, formaziorako beharra ere ikusi genuen. Hau da, norbanakoaren bizipenak kolektiboan konpartitu eta indartzea dugu helburu.

Hala ere, badakigu egun daramagun bizi-erritmoarekin zaila dela taldea zaintzea eta, ondorioz, helburu txiki eta xumeak jartzen dizkiogu sareari, denboran iraun dezan.

Greba feminista, La manadaren auziaren gaineko protesta jendetsuak... azken hilabeteetan hainbat gertaera garrantzitsu bizi izan ditu mugimendu feministak. Nola bizi izan dituzue ekimen horiek Arrankudiaga-Zollon?

Herri txikiak dira gureak eta holako egunetan nahiago izaten dugu eskualde edota herrialdeko deialdietan parte hartzea, horrela beste emakume gehiagorekin batu eta indar handiagoa egin eta sentitzen dugulako.

Hala ere, martxoak 8 arrakastatsuaren hurrengo egunean, Arrankudiagako plazan elkarretaratzea egin genuen bezperako eguna borobildu eta baloratu nahian. Jendetza batu ginen, kalera irteteko behar eta nahia dagoenaren isla izan zen.

Baduzue pregoia prestatuta? Zer nolakoa izango da?

Aaah sorpresa! (Barreak) Ahalduntzeko erabili nahi dugu eta lanketa berezia egiten ari gara jendaurrera ateratzeak sortzen dizkigun beldur guztiei aurre egiteko. Kolorea izango da gure oinarria, dantza eta iraultza! Herri txikiek sarri beldurra ematen dute, baina horrek ere asko irakasten digu...

 

“Ikasturte hasieran egin genuen hiruhileko feminista errepikatzea da gure helburua”

 

Pregoiaren irakurketaz gain, baduzue beste asmo edo proiekturik jaiei begira?

Sare moduan ez. Ez dugu behar berezirik sentitu. Sarekideek jai batzordean, gizarte etxean... parte hartzen dute eta gure ikuspegi feminista txertatzen dute toki horietan.

Jaiak amaituta, zer asmo duzue emakume sare gisa epe ertain-luzeari begira?

Ikasturte hasieran egin genuen hiruhileko femista errepikatzea da gure asmoa. Hiru tailer antolatu genituen, emakume asko batu eta berriro elkartzeko gogoekin geratu ginen.

Orduan egin genuen bezala, lehenik eta behin gure eta herriaren interesak zeintzuk diren aztertuko dugu eta ondoren hauek lantzeko egokienak diren tailerrak antolatu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide