Jesus Gorostizaga, su artean auzogintzan aritutako bizilaguna

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ira. 13a, 07:00

Jesus Gorostizaga -eskuman- Atxetako jaietan. / Atxetako Jai Batzordea

Jose Aspiazu, Bingen Larizgoitia eta Atxetalde Kultur Elkarteak honako testua osatu dute Jesus Gorostizagaren inguruan, Atxetako jaien atarian. Bere omenez egiten dute gastronomia txapelketa auzoko festetan. 

Jesusen irribarrean oroimenean iltzatua dugu Atxetako bizilagunok. Bere alaitasuna, bere umorea eta paella egiteko zuen trebezia ahaztezinak dira guretzat. Gure oroitzapenak antzekoak dira herri bazkaria plaza azpian egiten zenetik udal lokala abian jarri zen arte: egurrezko koilara eskuan zeraman, amantal gar garbi-garbia, ontasuna eta begikotasuna bidelagun zituela. Denok dugu Jesusen oroitzapen atsegin bat.

Adinez nagusia izan arren, egia da Jesus azken unera arte egon zela aktibo, lehiaketa gastronomikoetan parte hartzen edo jai eta ospakizunetarako bazkariak prestatzen. Atxetako jaien programaren prestaketa hasi zenean, jai batzordeari proposatu zitzaion lehiaketa gastronomikoari Jesus Gorostizagaren izena jartzea. Proposamenak oso harrera ona izan zuen antolakuntzaren partetik.

Zergatik Atxetan? Jesusen figuren presente egon den toki bat badago, Atxeta auzoa delako hori, jaietan batez ere. Jai horiek 80. hamarkadan berreskuratu ziren, eta orduan ekin zion Jesusek ospakizuneko bazkariak prestatzen laguntzen. Auzoko bizilagun gehienak bertaratzen ziren otordu herrikoi horietara. Egitarauko txapelketa gastronomikoetan ere parte hartzen zuen.

Bizipen ugari
Bere bizitzak anekdota asko izan ditu. Bizikletekin egiteko Zinta Lehiaketa proba antolatu zuen behin Arrankudiagako Andra-Mari jaietan, duela urte asko, diktaduraren sistema politikoa indarrean zegoela. Bizikletan gelditu gabe aritzean zetzan joko hori: zintaren mutur batean kokatutako eraztun batean makil txiki bat sartu behar zen. Oso ondo egon zen, parte hartzaile askok lortu zuten makila eraztunean sartu eta zinta hartzea. Baina salaketa bat jazo zen, eta Guardia Zibila ohartu egin zen eraztun bakoitzak hiru zinta zeramatzala (gorria, zuria eta berdea, ikurrinaren hiru koloreak). Italiako banderaren koloreak zirela esan zien Jesusek, disimulatzeko. Lehiaketan parte hartu zuten hainbat herritarrek isuna jaso zuten, keinu nazionalista horregatik.

Hala ere, Jesusek ez zion gauzak antolatzeari utzi. Gizon zentzudun eta ausarta zen. Gainontzekoak pozik egotea eta ondo pasatzea zuen helburu. Nabarmendu beharra dago bera izan zela Andra Mari kofradiaren sortzaileetako bat, Andra Mari jaietan bazkari herrikoi bat eskaintzen duena. 30 urtez egon zen bertan laguntzen, oso modu berezian. Horrez gain, Atxetako jaietako herri bazkariko sukaldari ofiziala izan zen Antonekin batera. Artista hutsa zen sukaldean. Oso gogoko zuen marmitakoa eta beste mota batzuetako jakiak egitea, baina elkarbanatzeko beti.

Euzkadiko ohituren, tradizioen eta kulturaren zale amorratua izan zen beti. Bihotza irekitzen zitzaion txistua entzuten zuenean. Oso gogoko zuen jota dantzatzea, eta baita abestea ere: herri bazkarietan zein Poiun larunbatetan bere koadrilarekin zegoenean edo ardo batzuk edaten zituenean. Beti zegoen elizako abesbatzan. Bere beste pasioetako bat Goikoganera Aberri Egunaren bezperan igotzea zen, bertan ikurrina jartzeko. Bera arduratzen zen igotzen ziren gainontzeko herritarrentzako txistorra, txorizoa eta hirugiharra prestatzeaz.

Bere familiaz, bere auzoaz (Poiu-Arene), bere herriaz (Arrankudiaga) eta bere nazioaz (Euzkadi) maitemindutako pertsona zen Jesus. Egunerokoan erakusten zuen hori, bere izateko eta sentitzeko moduarekin. Bere etxea eta familia lehenbizi beti, bere lana ondo egitea gero, eta bere auzokide eta lagunekin egotea ondoren, hori zen bere bizitzeko modua. Bere ortuaren zale amorratua ere bazen. Bere piper berdeak ederrak ziren eta maisua zen etxean txorizoak egiten.

Eskerrik asko Jesus, orain eta beti, zure izateko eta sentitzeko moduagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide