Gaur hasi dira Arrankudiagako andramariak. Arratsaldean zehar giro ederra egon da herrian, ehunka lagun aritu baitira tortilla eta marmitako txapelketan parte hartzen. Arratsaldeko zortzietan entregatu dituzte arrain eta patataz betetako kazolak, eta handik ordu laurdenera eman diete hasiera jaiei.
Nekane Otsoa arduratu da pregoia irakurtzeaz. Ugaoko bizilaguna da Otsoa, baina Arrankudiagako eskolako zuzendaria izan da orain arte. 32 urte eman ditu ikastetxean, eta aurten erretiratuko da. Pregoi hunkigarria plazaratu du, aurreikusi zitekeen bezala. Hezkuntza zentroaren ibilbidea birpasatu eta goraipatu du, “eskola txikiaren izpiritua mantendu arren, handia egin delako”. Urte guztietan zehar alboan egondako pertsonei eskerrak emanez amaitu du hitzartea. “Ez da betirako agur bat izango, badakizue nahi duzuenean hor egongo naizela, behar eta nahi duzuenerako, betirako lagun bat izango nauzue. Sekula ahaztuko ez ditudan uneak bizitzen ari naiz ikasturte honen amaieran”. Jaietan “disfrutatu, gozatu, dantzatu, jan eta ondo pasatzeko” deia luzatu du, “elkarren arteko errespetu osarekin”.