ARRANKUDIAGAKO PREGOILARIA

“Frontoia hezigune bat da niretzat, elkarbizitzarako lekua, eta gure nortasunaren adierazle bat”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko abu. 12a, 07:00

Kamaraka pilota elkarteko zuzendaritzan aritu da urte luzez Jon Arandia Isusi. / Aiaraldea.eus

JON ARANDIA ISUSI (Arrankudiaga, 1953) Arrankudiagako Kamaraka pilota elkarteko zuzendaritzan aritu da urte luzez, baita epaile lanetan ere. Orain, baina, erretiroa hartu du, eta eginiko lana eskertzeko izendatu dute pregoilari.

Pregoilari izendatzea ez da zerbait ohikoa. Ezustean jaso duzu berria?

Bai, eta ikaratu ere bai! Lasai, eta bat-batean… Baina ingurukoekin komentatu eta gero baietz esan nuen, eta gustura nago!

Noiz eta nolatan hasi zinen esku-pilotan?

Eskolara joan nintzenean ez zegoen frontoirik. Orain dela 20 urte hurbildu nintzen esku-pilotara, nire semea entrenatzen eta jokatzen hasi zenean. Ffrontoian, batez ere, epaile lana izan da egin dudana. Zuzendaritzaren lana beste mota batekoa izan da: antolatzea, entrenatzaileak kontratatzea, kirol proiektua diseinatzea, gurasoekin harremanak izatea… 

Zer da zuretzat frontoia? Eta esku-pilota?

Frontoia hezigune bat da, eta elkarbizitzarako lekua; non pilotaz jokatzen den eta ikasi; eta guzti hori euskaraz. Esku-pilota oso gurea den kirola da niretzat, gure nortasunaren adierazle bat.

Pentsatu duzu pregoian zer esan? Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Bai, pentsatuta daukat, baina prestatuta ez. Hala ere, ez da luzea izango: ondo pasatzeko gonbita, dibertitzekoa eta pertsonak errespetatzeko daukagun beharra nabarmendu nahi ditut.

“Pilota harrobi sendoa dago Arrankudiagan, baina jendearen inplikaziorik gabe ez lirateke egongo ekimen hauek herrian”

Egun berezia izango da aurtengo txupinazoa zuretzat, ezbairik gabe. Nola gogoratu edo ospatuko duzu?

Bai, egun berezia izango da, duda barik. Seguraski urduri egongo naiz, kezka horrekin. Aurretik prestatuta edukiko dut, eta gero betikoa egingo dut.

Zein da zure ‘betiko plana’ ba?

Aurreko jaietan egin dudana: hasieran nire lagun Santirekin marmitakoa prestatu, eta gero familiarekin afaldu, eguerdietan buelta bat eman, txakolina dastatu, ekitaldiren bat ikusi…

Zein da festetatik gehien gustatzen zaizun ekintza?

Ekintza baino, eguna esango nuke: gaztetatik ‘Berakatz eguna’ izan da gehien gustatu zaidana, informala, mozorroen eguna, odoloste eguna….

Zerk egiten ditu berezi Arrankudiagako jaiak, zure ustez?

Berakatz egunak, lehen esan bezala, astelehen batean lan eguna izanda… Eta hala eta guztiz ere sekulako arrakasta du! Jaien antolakuntza ere berezia da, batzorde bat dago, eta jendearen parte hartze handia.

Urteko hainbat unetan, ohikoak dira Arrankudiagan pilota partidak edo jaialdiak. Bada harrobi edo oinarri sendorik?

Zorionez, harrobi sendoa dago. Une honetan, batzuk nagusitu dira, eta pilota utzi dute. 

Dena den, gaztetxoen multzoa handia da, bai neskena eta baita mutilena ere, eta urte batzuk daramatzate jadanik.

Dena ez da festa: urte asko eman dituzu pilota elkarteko zuzendaritzan. Beharrezkoa da belaunaldi berrien bultzada herri ekimenetan?

Guztiz beharrezkoa. Gure kasuan, 1996. urtean hasi ginen entrenatzen, eta gero kluba sortu zen. Pertsona batzuk lan handia egin zuten, eta geroago beste batzuk ere. Orain, beste batzuen txanda da. Jendearen inplikaziorik gabe, nahiz eta eduki dugun udalaren laguntza beharrezkoa izan, ez lirateke pilota bezalako ekimenak egongo herrian, gurasoak parte handi bat dira.

Pilota klubak zer ematen dio herriari?

Umeek eta gazteek kirola egiteko aukera. Horrez gain, klubak, jaietan parte hartu izan du, pilota jaialdiak antolatuta. ‘Andra Mari egunean’ bertoko pilotariekin; Eta ‘Berakatz egunean’ afizionatuekin. Neguko jaietan ere bai. 

Elkartean 20 urte baino gehiago daramatzazu. Zer aldatu da urte guzti hauetan?

Gauza asko. Hasieran, entrenatzaileak ez ziren profesionalak. Boluntario moduan aritzen ziren, gaur egun pentsaezina da hori: Diputazioak behartuta jendea aseguratuta egon behar da lanean. Hori bai, geroz eta gauza gehiago eskatzen dira administraziotik.  10 urte daramatzat zuzendaritzan, baina lehenago idazkari eta elkartean ere ibili nintzen.  Bestalde, 20 ume izan ditugu gutxi gorabehera. Betidanik egon da neskaren bat, batzutan bi edo hiru, baina orain bederatzi daude, talde garrantzitsua osatuz.

Erretiroa hartu berri duzu. Zer egingo duzu orain?

Garaiak asko aldatu dira. Urte batzuk eman ditut nik jada, eta nire aurretik beste batzuk ordu asko sartu dituzte. Orain, beste batzuen txanda da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide