Egitarau oparoa prestatu dute Arrankudiagako jaiak ospatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 12a, 07:00

Abuztuaren 21ean bukatuko dira Arrankudiagako jaiak, Berakatz egunarekin eta Moonshine Wagon eta Trikizio taldeen kontzertuekin. / Moonshine Wagon

Abuztuaren 14tik 21era luzatuko dira Arrankudiagako Jaiak. Herritar guztientzako egitaraua prestatu dute. Berakatz Eguna izango da jai-egun nagusia, eta Moonshine Wagon eta Trikizio taldeek osatuko dute musika eskaintza.

Arrankudiagako jaiek badute egitaraua. Abuztuaren 14an eta 15ean abiatuko dituzte festak, eta 19tik 22ra izango du segida. Andra Mari bezperan -abuztuak 14- arratsaldetik gauera luzatuko da egitaraua.Ohi legez, arratsaldeko 17:00etatik aurrera kamiseta banaketa, kalejira, marmitako lehiaketa eta tortilla txapelketa egingo dituzte Gizarte Etxearen inguruan. Egun horretan jaurtiko dute txupina, 20:15ean hain zuzen. Gauean, berriz, DJ Mariskal arituko da musika jartzen. Abuztuaren 15ean, aldiz, dianarekin esnatuko dute herria 10:00etan, eta meza nagusiaren ostean poteoa egingo dute dultzaineroek gidatuta. Arratsaldean, aldiz, herriko umeen pilota partidak izango dira nagusi, 19:00etatik aurrera frontoian. Iluntzeko antzerki emanaldiarekin bukatuko dute eguna, Trapu Zaharra konpainiaren eskutik, 20:30ean. 

Bigarren txanpa

Bigarren txanpa ostiraletik astelehenera arte luzatuko da, hilaren 18tik 21era. Aurretik, abuztuaren 16an eta 17an Futbito eta Mihiluze lehiaketetako kanporaketak egingo dituzte Gaztetxean. Abuztuaren 18an ‘Gaurko eta atzoko gazte eguna’ antolatuko dute. Horretarako, meza, mahai jokoak, edadetuen bazkaria eta erromeria prestatu dituzte. Arratsaldean Futbito eta Mihiluze lehiaketen finalak jokatuko dituzte Gaztetxean. Gaztetxetik atera gabe kontzertuak egingo dituzte 21:30ean, Ostrich Wedding, Aizkolariak eta Arrakala taldeak taularatuz. Abuztuaren 19an, larunbatean, umeen eguna egingo dute. Hala, kalejira, jolas parkea eta haurren bazkaria izango dira protagonistak eguneko lehen zatian, eta 16:30ean apar festak hartuko dio lekukoa ekimenari. Horrez gain, bolo tiradak eta Xaiborren ikuskizuna egongo dira, baita kanpamentuko proiekzioa ere.

Abuztuaren 20an, berriz, txakolin dastaketa, euskal presoen aldeko elkarretaratzea eta Kofradia Eguneko bazkariak beteko dute plaza. Kanturako tartea ere gorde dute, Idoia eta Roberto abeslarien eskutik.

Abuztuaren 21ean bukatuko dira Arrankudiagako jaiak, Berakatz Egunarekin. Futbol eta pilota partidekin gozatuko dute arratsaldean. 20:30ean odoloste jana egingo dute. Gaupasaren ardura, aldiz, Moonshine Wagon eta Trikizio taldeek izango dute, 23:00etatik aurrera. 05:00etan, baina, berakatz zopa banatuko dute gautxorien artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide