Irailaren 16an jaurtiko dute Atxetako jaietako lehenengo suziria. 12:00etan izango da txupinazoa, eta jarraian haurrentzako jolas parkea atonduko dute, tailer, puzgarri eta bestelako jolasekin.
12:30ean marmitako eta patata tortilla txapelketari emango diote hasiera. Epaimahaiak 14:30ean iragarriko ditu lapiko irabazleak eta parte hartzaile guztiek batera bazkalduko dute. Arratsaldean, haurrentzako hainbat jarduera eskainiko dituzte, 16:00etatik aurrera: makillaje tailerra, puzgarriak, buruhandiak… egongo dira.
17:30ean Mirikik dantzan jarriko ditu auzoko gazteenak, eta 18:30ean txokolatada herrikoiaren txanda izango da. 19:00 Inguma taldeko lagunek dantza-plaza gidatuko dute. Festetako lehenengo eguna agurtzeko odolosteak jango dituzte 21:00etan eta Iratzar erromeriak dantzaldia eskainiko du 22:30ak aldera.
Igandean, irailak 17, meza eskainiko dute 12:30ean eta herri bazkaria egingo dute 14:30etan. Elvi Bentrilokuak arratsaldeari umore puntua jarriko dio, 18:00etan. Jaiak XXXII. Igel-toka txapelketarekin agurtuko dituzte.