Atxetako jaiek agurtuko dute uda

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abuztuaren 22a

Urduñako Erauntsi taldeak dantza-plaza eskainiko du larunbatean. / Atxetako Jai Batzordea

Irailaren 20 eta 21ean ospatuko dituzte Arrankudiaga-Zolloko auzo horretako festak. 

Udako azken bi egunetan ospatuko dira Atxetako jaiak aurten, eta ohiko formula mantenduko dute. “Ez da aspertzerik egongo”, ziurtatu dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, “nagusi zein txikientzako ekintza mordo” dituzte prestatuta, familian disfrutatzeko. Izan ere, jai batzordeko kideen aburuz, “auzo lasaia eta familiarra” da Atxetakoa, eta bertako jaiak “plan polita” dira “kuadrillan biltzeko”.

Larunbatean (irailak 21) egun osoko egitaraua eskainiko dute, eguerditik hasita. Urtero bezala, marmitako eta tortilla txapelketa egingo dute, eta bertan jango dute gero kozinatutakoa. Haurrentzako jarduerak eta Erauntsi dantza taldearen emanaldia egongo dira arratsaldean, eta Rockyouren kontzertuarekin, parrilladarekin eta DJarekin piztuko dute gaueko giroa. 

Igandean, aldiz, bazkari herrikoia eta igel txapelketa izango dira osagai nagusiak, eta Gorka Aginagalde bakarrizketatzailea arduratuko da festa umorez ixteaz. 

Belaunaldi errelebo falta

Jai batzordeko kideak apirilean hasten dira festak antolatzen. “Egia esan, ez gara askotan biltzen antolatzeko, gehien bat WhatsApp bidez adosten ditugu gauzak”, azaldu dute, “proposamenak bota, aurrekontuak eskatu eta inkesta bidez bozkatu. Horrela ari gara egiten azken urtetan”. 

Belaunaldi aldaketa beharra dagoela ere aitortu dute, ez dagoelako gazte berririk eta “gazteak izandakoak geroz eta nekatuago” daudelako. Gauzak hala, bizilagun guztiei luzatu diete antolakuntzan parte hartzeko gonbita. 

EGITARAU OSOA

Irailak 20, larunbata

Goizean zehar baserriko produktuen salmenta

12:00 // Txupina

12:00 // Talo eta eguzkiloreen tailerra eta puzgarriak

13:00 // Marmitako eta tortilla txapelketa

14:30 // Sarien banaketa eta bazkaltzera

16:00 // Makillajea, puzgarriak

17:00 // Buruhandiak

17:30 // 'Euskal Jaia' umeentzako festa

18:30 // Txokolatada herrikoia

19:00 // Emanaldia eta dantza-plaza Erauntsi taldearekin

21:00 // Rockyouren kontzertua

21:00 // Parrillada herrioia

23:00 // FestaSound DJ

Irailaren 21a, igandea

14:30 // Bazkari herrikoia eta bingoa

18:00 // Gorka Aginagalderen bakarrizketa

19:00 // XXXIV. Igel Txapelketa

20:00 // Igelaren sari banaketa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide