Aurten guraso elkarteko kideei egokitu zaizue pregoilariak izatea. Nola hartu duzue?
Erdoitza Martinez: Ilusioarekin, noski. Herriak gugan konfiantza jartzeak ilusioa eman digu.
Zitzu Egiluz: Ez genuen espero. Jendea gutaz oroitzea eta errekonozimendua ematea oso pozgarria izan da.
E.M.: Zitzu arrankudiagarra da, baina Vane eta biok kanpotarrak gara. Nik hiru urte daramatzat herri honetan eta berak lau.
Duela bi urte sartu zineten guraso elkartean. Zein izan da taldeak izan duen ibilbidea?
Z.E.: 1989an sortu zen taldea berez, baina bi urtean behin aldatzen da osorik. Lau pertsona daude: lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kirol arduraduna. Guk duela bi urte hartu genuen ardura.
E.M.: Vanesa eta nire kuadrillakoak zeuden bertan. Zitzu ez genuen ezagutzen. Galdetu ziguten ea lekukoa guk hartuko genuen. Guk erantzun genien inor topatzen ez bazuten gu ipiniko ginela, eta tokatu zitzaigun.
Z.E.: Niri berdin esan zidaten. Esan nien beste inor ez bazegoen nirekin kontatzeko.
E.M.: Hori esaten baduzu ia barruan zaude (barreak).
Z.E.: Irailean berriro esan zidaten ez zegoela inor, eta taldera batu nintzen, eta orduan ezagutu nituen Vanesa eta Erdoitza. Horrez gain, eskubaloi taldeko kidea ere sartu zen kirol arduradun moduan, baina ez da aktibo egon guraso elkartean, kirol esparruan aritu da gehienbat.
Bi urtero behin berritu behar da elkartea. Guk aurten amaituko dugu, eta kostatzen ari zaigu lekukoa pasatzea.
“Lehen urtea oso gogorra izan zen. Elkarteekin hitz egitea, loteria lotzea, kontaktuak lortzea… dena abiatu genuen zerotik”
Nolakoak izan dira bi urte hauek?
Vanesa Alonso: Aktiboak (barreak).
Z.E.: Egin genuen lehen bileran argi esan ziguten: “Ez dago dirurik”. Orduan, dirua lortzea izan zen gure lehen helburua, haurrentzako eta herriarentzako ekintzak egiteko.
E.M.: Lehen ekintza sukaldaritza tailerra izan zen, eta parte hartzaileei kobratu behar izan genien, materiala ordaindu eta parran geratzeko.
V.A.: Tailerra guk eman genuen gainera.
E.M.: Hori da, gu izan ginen sukaldari profesionalak.
Z.E.: Pizzak eta bizkotxoak ere egin genituen, Gizarte Etxean saltzeko.
E.M.: Ekintzak egitea eta dirua lortzea zen gure helburua.
Z.E.: Asteazkenero Eskolaz Kanpoko Ekintzak daude eskolan, eta ez zegoen hori ordaintzeko dirurik ere, eta jarduera gehiago ere egin nahi genituen.
E.M.: Loteria ere saltzen hasi ginen, eta aurten dirua banatu da, 39.000 euro guztira.
V.A.: Hori da, eta herriko zein Ugaoko jendearen artean gehienbat, oso banatuta egon da.
Z.E.: Gero Erdoitzari bururatu zitzaion argazki lehiaketa bat egitea, irudiekin egutegiak osatu eta saltzeko.
E.M.: Udalak ordaindu zuen inprimaketa, baina guk egin genuen diseinua.
V.A.: Argazki guztien erakusketa ere egin genuen Arrankudiagako hiru tabernetan.
Z.E.: Arrankudiagako jendeak bete zituen epaile lanak: euskara batzordekoak, eskolakoak, Gizarte Etxekoak eta Gaztetxekoak. Hamabi argazki aukeratu zituzten eta horiekin egin genuen egutegia. Bost eurotan saldu genuen eta bost euro horietako bat Aspanovas elkarteari eman genion. Hasieran Gazte Asanbladari eman nahi genion, Gaztetxea erre zelako, baina gero esan ziguten ez zutela behar. Inkesta bat egin genuen orduan familia guztien artean eta horrela erabaki genuen Aspanovas elkarteari ematea.
E.M.: 2024an dirulaguntza jaso genuen Udalaren partetik eta Arakaldoko Udalarekin ere sinatu genuen hitzarmena. Eskolak ere ikusi zuen hamaika ekintza antolatzen ari ginela, eta erabaki zuen jasotzen zuten dirua ere guri ematea kudeatzeko. Orduan, bat-batean, dirua geneukan. Hortik aurrera ekintza guztiak izan dira dohainik. Ordaindupekoa, berez, egin genuen lehen tailer hori baino ez zen izan.
“Haurrak oheratu eta hor hasten gara sakelakoarekin jo eta su”
Z.E.: Horrez gain, beti saiatu herriko elkarteekin harremanetan egoten, eurekin batera parte hartzeko herriko ekintzetan.
E.M.: Emakume taldearekin adibidez, martxoaren 8an eta azaroaren 25ean. Inauteriak Gizarte Etxearekin batera antolatu ditugu, Matxinkortarekin hitz egin dugu familientzako ibilbide txikiak egiteko…
Z.E.: Euskara batzordearekin ere aritu gara. 2024an hemen izan zen Aiaraldeko Euskararen Eguna, baina aurreko urtean Artziniegan izan zen. Herrian jende gutxi egongo zela jakinda, udaletxearekin hitz egin genuen programa bat antolatzeko: herri kirolak, talo tailerra, karaokea…
Aurten, aldiz, zenbait ekintza egin ditugu Euskaraldian.
E.M.: Beti saiatu gara ekintzak gure kabuz burutzen. Baina, behin dirua izanda, gauza batzuk kontratatu ditugu, magoa kasu. Azaroaren 25ean, aldiz, Daniela pirata liburua hartu eta guk antzeztu genuen, haurrekin batera. Itsasontzi moduko bat eraiki genuen Gizarte etxeko lehen solairuan.
Sekulako lana da, baina ondo pasatzen dugu. Beti esaten dugu azkena izango dela, baina hemen jarraitzen dugu (barreak). Gainera, Daniela pirata-rena azkenean ez genuen egingo, baina emakume taldekoek esan ziguten kartela jada eginda zegoela. Lau egun baino gutxiagotan prestatu genuen guztia: gauzak erosi, dekorazioa prestatu…
Gu hasi ginenean ez zen ezer egiten. Aurten oso erraza izan da, iazko eskema jarraitu dugulako. Lehen urtea oso gogorra izan zen. Elkarteekin hitz egitea, loteria lotu, kontaktuak lortzea… dena abiatu genuen zerotik. Aurten, aldiz, elkarteek deitu gaituzte zuzenean.
Z.E.: Errazagoa izan da, jada bageneukalako sare hori sortuta herriko elkarteekin. Gauza batzuk puntualak dira: Inauteriak, euskararen eguna, emakumearen eguna, neguko oporretako ekintzak… baina, horrez gain, bestelako ekintzak egiten ditugu.
“Familien elkartea izan arren, gure jarduerak herri osora irekita daude”
E.M.: Hasieran ez genuen bilerarik egiten. Bazen WhatsApp-a denbora guztian, asteko 7 egunetan, 24 orduz.
V.A.: Gauean normalean. Haurrak oheratu eta hor hasten gara sakelakoarekin jo eta su.
Z.E.: Herrian ezer egon ez den hilabeteetan ekintzaren bat antolatu dugu.
E.M.: Hilabetean behin asteburu batean.
Z.E.: Familien elkartea izan arren, gure jarduerak herri osora irekita daude. Gure helburua bada eskolako haur eta familientzat ekintzak egitea, baina zabalik daude edonork parte hartzeko. Orain, adibidez, desfribilagailuei buruzko ikastaro bat jaso dugu, eta nahi dugu hori herrian eskaini mundu guztiari.
E.M.: Familia moduan pentsatzen dugu, baina baita herritar gisa ere.
Nola baloratzen duzue bi urte hauetan eginiko bidea?
E.M.: Maila pertsonalean hauei esaten diet irabazi ditudala betirako bi lagun. Oso-oso positiboa izan da Zitzu eta Vanesa ezagutzea. Hunkitu egingo naiz… (barreak).
Z.E.: Pena ematen dit talde uztea, oso pozik egon naiz, asko irabazi dut pertsonalki.
E.M.: Eta gure umeek ere, ezta?
V.A.: Bai, oso pozik egon dira.
Z.E.: Sekulako maitasuna jaso dugu. Eta Erdoitzak esan duena: bi kide hauek ezagutzea la ostia izan da.
E.M.: Eta herria…
Z.E.: Bai. Ni Arrankudiagakoa naiz baina kanpoan gehiago egon naiz. Honek aukera eman dit berriro konektatzeko nire herriarekin. Horregatik, niri pertsonalki ekarri dit herriko jendea gehiago ezagutzea. Uste dut jarraituko dugula zeozer egiten.
E.M.: Ez dugu zama gainean eraman nahi, baina aktibo egongo gara, ziur.
Z.E.: Egia da ekintzak oso politak direla, baina lan ikaragarria dago atzetik, eta hiru pertsona gaude.
E.M.: Jende askok eskaintzen du bere laguntza baina azkenean ez dugu bideratzen.
Z.E.: Eta ez dira ekintzak bakarrik. Antolatu behar dira ere eskolako zaintza zerbitzuak, goiztiarren zerbitzuak, kanpo ekintzak… Aurrekontuak bilatu, ordainketak bideratu, eskolan arazoren bat baldin badago bileretara joan… hori guztia ere hor dago, eta ez da ikusten. Gure lehenengo bilera, adibidez, autobus grebaren ingurukoa izan zen.
“Ez dira ekintzak bakarrik. Antolatu behar dira ere eskolako zaintza zerbitzuak, goiztiarren zerbitzuak, kanpo ekintzak…”
V.A.: Hori izan zen gure lehen bilera, primerakoa (barreak).
Z.E.: Alkatearekin hitz egin genuen lehenbizi, eta bilera deitu genuen gero eskolarekin, gurasoekin eta Udalarekin, irtenbide bat bilatzeko herri mailan. Eskerrak greba handik bi egunera amaitu zela (barreak).
Horregatik diogu jendeak ikusten duela ekintzak antolatzen ditugula, baina lan pilo dago atzetik.
E.M.: Orain jada ez da horrenbesterako, baina lehen plazan elkartzen ginenean guraso elkartea zen gure hizketagai bakarra. Gure umeak kokoteraino zeuden (barreak).
Z.E.: Baina ekintzetan nik behintzat oso ondo pasatu dut. Denak atera zaizkigu ondo.
E.M.: Egon dira erabat inprobisatu ditugun gauzak…
Z.E.: Ekintza asko erabat berriak izan dira, inoiz egin gabekoak. Horretarako Erdoitza izan dugu pentsatzen.
E.M.: Gorroto ninduten. Esaten nien: “Neskak, hau pentsatu dut…”. Eta eurek: “Ehh… moztu”.
V.A.: Azken unean hasten ginen gauzak egiten. Batek gauza bat erosi, beste batek etxetik zerbait hartu… eta azkenean ondo ateratzen zen ekintza.
Z.E.: Eta ez gaude liberatuta, gure lana eta familia dugu aparte.
Zaila da dena uztartzea?
Hirurek: Orduak behar dira.
E.M.: Lo egiteko orduak kendu. Batzuetan umeak etortzen zaizkigu bilduta gaudenean eta zaila da dena uztartzea.
Z.E.: Nik behintzat dependentzia garatu du WhatsApp-arekiko. Hasieran lan pila zegoen, baina orain sustraiak baditugu jarrita.
E.M.: Nik uste dut horregatik ere ematen digula pena uzteak, sekulako lana egin dugulako. Sekulako aldea dago zegoenetik gaur egun dagoenera, eta uste dut hori jende orok dakiela. Jende askok eskatu digu jarraitzeko. Gugatik jarraituko genuke, baina ez duguna nahi da zama hori eramatea. Loteriarena, adibidez, sekulako zoramena izan da: denak egin behar dut bat, dirua kopuru handiak maneiatu ditugu…
Z.E.: Ekintzak egitea soilik izango balitz tira, baina ez da hori bakarrik. Oxinburuk ere aukera eman digu ekintza gehiago antolatzeko, lehen Gizarte Etxea baino ez zegoelako.
“Sekulako aldea dago zegoenetik gaur egun dagoenera, eta uste dut hori jende orok dakiela. Jende askok eskatu digu jarraitzeko”
Baduzue egiteko bat oraindik: jaien hasierako pregoia irakurtzea. Baduzue prestatuta?
E.M.: Ea, nik ideiak izan baditut baina… (barreak).
Zeozer aurreratu dezakezue?
V.A.: Originala izango dela, hori ziur.
E.M.: Originala ez dakit, baina laburra bai, eta herrikoia ere, eta pertson… beno, ez dugu gure artean oraindik hitz egin (barreak).
Z.E.: Ez dugu oraindik pentsatu. Laburra izango da, bai, ez dugu inor aspertu nahi, eta jendea jaiak hasteko gogoz egongo da.
Baduzue bestelako planik jaiei begira? Ekintzarik antolatuko duzue?
E.M.: Ez, baina brillantina ez da faltako! (barreak)
Z.E.: Guraso elkarteak ez du ekintzarik antolatzen, bere jarduna ikasturtean izaten delako. Aurten lehenengo egunean egongo gara, hori ziur. Lan egiten dugu jaietan, baina maila pertsonalean, Gizarte Etxean, baina ez elkarte moduan.
Aipatu duzue lekuko aldaketa datorrela eta zailtasunak dituzuela ordezkoak bilatzeko. Nola ikusten duzue egoera?
V.A.: Zaila.
E.M.: Guk azaldu nahi diegu familiei zer nolako garrantzia duen elkartea egotea. Ez da ekintzak antolatzea soilik. Badira ere Eskolak Kanpoko Ekintzak, goiztiarren zerbitzua, kontziliazio zerbitzua… Eskola publiko eta doakoa badugu dirulaguntzei esker da, eta elkarterik ez badago ez dago horrelako laguntzarik, eskolak ezin dituelako jaso. Txangoak ordaindu beharko lirateke, autobusak, materialak…
Z.E.: Hemen ez da matrikula ordaintzen, jantokia baino ez. Horregatik, txangoak edota materiala ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasotzen du eskolak, baina horrekin ez da heltzen. Horregatik, guraso elkarteak jasotzen duen diruaren zati bat bideratzen da horretara. Gauzak hala, elkarterik egongo ez balitz ez litzateke dirulaguntzarik egongo, eta eskolak orain arte izan duen funtzionatzeko modua galduko litzateke. Eskolan proiektuka lantzen dituzte ikasgaiak, eta horretarako behar dira materialak, txangoak egitea… hori guztia galduko litzateke.
Gainera, gu gara familien ordezkari eskolan. Guraso elkarte bat aktibo ez badago ordezkaritza hori ere galdu egiten da. Ez da dirulaguntza bakarrik, hori guztia galduko litzateke.
Nabarmendu nahi dugu horrek guztiak duen garrantzia, gainontzeko gurasoak animatu daitezen elkarteko kide izatera.
Maiatzean bidali genien mezua familiei gure azken urtea zela esanez eta oraindik ez dela ordezkorik agertu. Eskolarekin ere hitz egin dugu arazo honen inguruan, eta bilera bat deitu zuten elkarteak duen garrantzia erakusteko. Horretan gabiltza, ea irailean norbait animatzen den.
"Esan behar dugu oso lan polita dela. Egia da lana dela, baina bueltan datorren lana da, poztasuna ekartzen dizulako eta dibertigarria delako une askotan. Herriarekin harremana egiteko ere balio dizu"
Esan behar dugu oso lan polita dela. Egia da lana dela, baina bueltan datorren lana da, poztasuna ekartzen dizulako eta dibertigarria delako une askotan. Herriarekin harremana egiteko ere balio dizu. Umeen aurpegia ikustearekin nahikoa da.
E.M.: Zitzu herrikoa da, baina gu kanpotarrak gara eta herritarrak sentitu gara modu honetan.
V.A.: Asko eskertu digute eginiko lana, eta hori nabaritu dugu. Hainbatetan aitortu digute eginiko ahalegina, eta horrek poztasuna ematen digu.
Z.E.: Eta umeek ematen dizutena ezin da inon erosi.
E.M.: Gure umeetatik hasita eskolako gainontzeko haurretara. Askotan eskatu digute elkartea ez uzteko.
Z.E.: Gure ingurua hobetzeko egiten dugu lan.
V.A.: Umeen harridura aurpegiak gogoratzen ditut, prestatzen genuen gauzaren baten aurrean.
Z.E.: Asko jaso dugu, bai pertsonalki zein kolektiboki.