Azaroa jai-giroan murgilduta hasteko aitzakia ezin hobea bilakatuko dira Zolloko jaiak, asteburu honetan ospatuko baitira, egitarau oparoarekin.
Hain zuzen ere, ostiralean jaurtiko dute jaiak abiatzeko txupinazoa, 20:00tan. Elortegi Anayak taldeak girotuko du iluntzea, eta 23:00etan Txalainak-ek joko du plazan.
Larunbat goizean umeentzako puzgarriak eta tailerrak antolatuko ditu Kirikiño Aisialdi Taldeak. Gauean, ordea, musika eskaintza zabala egongo da: 20:00etan The Dolphiners, eta 22:00etatik aurrera Bengo eta Beranduegi Erromeria.
Igandeko protagonista herri kirolak izango dira: 13:00ean jarri dute hitzordua, eta erakustaldiaz gain parte hartzeko aukera ere egongo da, Arguiako Jasoka taldearen eskutik.
Dena den, festa ez da asteburuarekin batera bukatuko: asteartean, Etxebarria aita-semeek eguerdia girotuko dute eta 17:30ean Porrotxekin irri, kantu eta dantza egiteko aukera izango dute txikienek.
Jaiak hurrengo larunbatean amaituko dira, hilaren 16an, bazkari herrikoiarekin.