Etxebizitza Aiaraldean

Urte amaieran entregatuko dituzte 12 udal etxebizitza kooperatiboen giltzak, eta alokairuzko beste hamarrak 2027an eraikitzen hastea espero dute

Txabi Alvarado Bañares

Prest daude hamabi udal etxebizitza kooperatiboak. / Arrankudiaga-Zolloko Udala

Hala azaldu zuen Txutxi Ariznabarreta Zubero alkateak iragan asteko Azalera podcastean. 

Urratsak ematen dihardu Arrankudiaga-Zolloko Udala etxebizitzaren esparruan. Amaitu dute 12 udal pisu kooperatiboen eraikuntza, eta Gabonetarako entregatu nahi dituzte giltzak bertan biziko diren pertsonei. 

“Jende gazteak herrian bertan bizitzeko aukera izatea nahi dugu, migraziora behartu gabe”, nabarmendu zuen Txutxi Ariznabarreta Zuberok iragan osteguneko Azalera podcastean. Alkateak azaldu zuenez, etxebizitza bloke horretan biziko diren pertsona gehienak udalerriko 36 urtetik beherako gazteak izango dira, eta baliatutako eredu kooperatiboari buruzko xehetasunak ere partekatu zituen. Bere hitzetan, Udalak lagatu dio kooperatibari etxebizitzak eraikitzeko lurzorua, baina “oso neurri zehatzak” aplikatuz “espekulazioaren aurka”. Hain zuzen, bertan biziko direnek aukera izango dute etxea seme-alabei lagatzeko, baina ezingo dute saldu. 

Udal etxebizitza kooperartiboan biziko direnek aukera izango dute etxea seme-alabei lagatzeko, baina ezingo dute saldu. 

Alokairu etxebizitzen proiektua ere martxan

Bigarren proiektu bat ere du martxan Arrankudiaga-Zolloko Udalak, alokairuzko 10 etxe eraikitzea baitu buruan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. 2022an sinatu zuten bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena, eraikuntzarako udal lurzoru bat bideratuta. Akordioa luzatu behar izan dute aurten, Jaurlaritza atzeratu egin delako, Ariznabarretaren esanetan. Dena den, “martxan” dago dagoeneko proiektua, obrak 2027an hastea espero du alkateak, eta aurreratu du hainbat irizpide adostu dituztela udalerriko bizilagunek pisuen esleipenean aukera gehiago izateko. 

Horrez gain, tokiko gobernuburuak nabarmendu du hirugarren esparru batetik ere heldu diotela etxebizitzaren auziari: baserriak. Hain zuzen, ordenantza osatu zuten mota horretako eraikinetan etxebizitza bat baino gehiago atondu ahal izateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide