Euskarazko proiektu eta hedabideen aldeko dinamikak aurrera darrai Artziniegan. Apirileko udalbatzan erabaki zuen EAJk Aiaraldea Hedabidearekin 7 urtez izan duen hitzarmena etetea. Aurrekontuak onartzeko hori izan zen PPk jarri zion baldintza bakarra. Egoeraren aurrean Artziniegako elkarte ugarik elkartasun jaia egingo dute maiatzaren 12an.
Hainbat eremutako herritarrek, aldiz, adierazpena osatu dute euskarazko hedabideak babestu eta Udalari hizkuntzaren normalizazioari baliabide ekonomiko gehiago bideratzea eskatzeko. Sinatzaileen artean daude Xabier Santxotena, Paki Ofizialdegi, Ramon Rey, Valentxu Campos eta Mateo Lafragua, besteak beste.
Manifestuaren muina
Euskararen ezagutza datuen arabera, 2 urtetik gorako biztanleen herena da euskalduna Artziniegan. Duela 25 urte ez zen %10 besterik. Euskarak egindako aurrerapausoak herritarren eta eragileen lanaren isla direla nabarmendu dute adierazpenean, "nahiz eta oraindik ere lan handia falta ezagutza datuak erabilerara jauzi egin dezaten". Horregatik, beharrezkotzat jo dituzte euskara bultzatzeko tresnak eta arnasguneak Artziniegan. Zentzu horretan, udalari euskararen sustapena lehentasunen artean kokatzea eskatu diote, balibide ekonomiko gehiago bideratzea hizkuntzaren normalizaziora. Izan ere, aurten, inoiz baino diru gutxiago inbertituko du tokiko erakundeak euskara arloan, 1.8 milioi eurotik 7.175€ baino ez, %0.39.
Haatik, Aiaraldea hedabideak Artziniegan eta euskararen normalizazioan duen garrantzia eta eraginkortasuna aitortu dute adierazpenean. Udalari dagokionez, euskara lehia politiko eta alderdikoietatik kanpo uztea eskatu dute, truke txanpona ez izatea, alegia. Ildo horretatik, komunikabidearekiko elkarlan eta finantzaketa hitzarmena 2019an berrezartzea eskatu diete arduradun politikoei, "artziniegarrok euskaraz bizitzen, informatzen eta komunikatzen jarraitzeko aukera izan dezagun".
Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiei helaraziko diete eskaera, neurriak hartu ditzaten. Azkenik, datorren maiatzaren 12rako antolatu duten elkartasun jaian parte hartzeko deia luzatu diete artziniegarrei.