Euskarazko hedabideak babestu eta sustatzeko jaia egingo dute maiatzaren 12an

Erredakzioa 2018ko mai. 4a, 15:53

Herriko hainbat eragilek hartuko dute parte. Argazkian, Bizindar taldekoak. / Aiaraldea.eus

"Artziniegan euskaraz bizi nahi dugu! Euskarazko hedabideak babestu eta sustatu" lemapean elkartasun jaia prestatu dute Artziniegako elkarteek maiatzaren 12rako. 

Artziniegako herritar eta elkarte ugarik Aiaraldea hedabidea babesteko elkartasun jaia antolatu dute. Maiatzaren 12an izango da zita, Artziniegako frontoian. Herritarrek eta elkarteek elkarlanean prestatu dute egitaraua, eta egun osoan zehar bildutako dirua komunikabideari emango diote. Horrez gain, Udalari euskara eta hizkuntzaren normalizazioa lehentasunezkoa izatea eskatuko diote, baita hedabidearen diru-laguntza ahal bezain pronto berrezartzeko konpromisoa ere. Izan ere, hedabidearekin zuen hitzarmena kendu zuen EAJren gobernu taldeak apirileko udalbatzan, aurrekontuen bozketan PPren abstentzioa lortzeko.

Babes dinamika
Udalaren erabakia salatzeko manifestua aurkeztu zuten eremu ezberdinetako herritarrek aste hasieran. Elkarteengan ere eragin du oihartzuna aferak, horren adibide da Aiaraldeari babesa emateko Artziniegan sortutako babes taldea.

Euskararen normalizazioan eta sustapenean duen garrantzitik harago, elkarte eta herritar ugariri egin dio ekarpena komunikabideak sortu zenetik. Horren adierazle da azken asteetan jasotako babes andana. Hori dela eta, elkartasun festa proposatu dute artziniegarrek; Aiaraldea hedabideari babes soziala eta ekonomikoa adierazteko. Adin guztientzako ekintzekin aldarrikatuko dute Artziniegan ere euskaraz bizi nahi dutela; eta horretarako ezinbestekoa dela euskara sustatzeko proiektuak bultzatzea. Modu horretan, baliabide ekonomiko gehiago eskaini behar zaizkiola euskararen normalizazioari nabarmendu nahi dute, eta Aiaraldea hedabidea tresna estrategikoa dela euskararen, elkarteen eta herriaren zabalpenean azpimarratu.

EGITARAUA

  • 11:00 // EUSKARAREN ALTXORRAREN BILA haur eta gurasoentzat ginkana jolasa, Alde Zaharrean
  • 11:30 // ARTZIKIROL SAIOA Amurrioko eta Artziniegako emakume taldeen partida
  • 12:30 // TALO TAILERRA Artziniega Museoaren eskutik
  • 12:30 // HERRI KIROLEN ERAKUSTALDIA Bizindar kirol taldeko kideekin
  • 13:30 // KANTU-POTEOA Bleibet abesbatzarekin
  • 14:30 // PARRILLADA-BAZKARIA Otsati elkartearen laguntzaz
  • 16:00 // DANTZA PLAZA Artziniegako trikiti irakaslearekin
  • 17:00 // DISKOTXANTXA haurren ikuskizuna
  • 18:00 // TXOKOLATE JANA Hiriska emakume taldearekin
  • 18:30 // TRAKAMATRAKA musika-show tailerra, Artziniegako Rock Elkartearen eskutik
  • 19:00 // BERTSOPOTEOA Izar Mendiguren eta Manex Agirrerekin, Aiaraldeko Bertso Eskolaren izenean
  • 20:00 // KONTZERTUA Barau taldearekin

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide