Tubacex Taylorreko langileen alde lerrokatu da Artziniegako Udala

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko uzt. 23a, 11:44
Gaur goizean izan da uztaileko udalbatza. / Aiaraldea.eus

Kaleratutako beharginei elkartasuna adierazi diete alderdi politiko guztiek. Oposizioak urrats gehiago emateko eskatu dio gobernu taldeari.

Iragan astean bi langile kanporatu zituen Tubacex Taylorreko zuzendaritzak, lan hitzarmenaren aldeko grebaren atarian. Hori dela eta, instituzio publiko eta eragile sozialei ahalik eta inplikazio gehiena eskatu diete beharginek udalean aurkeztutako mozioan, lanpostu duinak bermatze aldera.

Langileek aurkeztu dute idazkia uztaileko ez-ohiko bilkuran, eta ahobetez onartu dute udalbatzan. "Enpresan eta kalean emango dugu aurpegia", adierazi dute mozioan. Lantegiko ordezkari bat izan da bertan, eta azaldu duenez, negoziaketan murgilduta daude: "Guk gure arazoak azaldu ditugu, baina eurek neurriak ezartzea bakarrik dute buruan. Ez dugu etorkizuneko planik".

Eztabaida politikoa
Alderdi politiko guztien babesa eta elkartasuna jaso dute langileek. Alabaina, urrats gehiagoren beharra azpimarratu du Unai Gotxi EH Bilduko zinegotziak: "Artziniegako industriagunea izanda, udala gehiago inplikatu behar da. PP, EAJ eta EH Bildu batera joan beharko ginake instituzioetara soluzio eske. Azken urteetan pabilioi asko geratu dira hutsik. Artziniegarrentzat soluzioak behar ditugu". Joseba Elejalde PPko hautetsiak galdera bat mahaigaineratuz jarraitu du eztabaida: "Nora nahi dugu iristea Artziniega industria edota turismo aldetik? 60-80ko hamarkadan ondo funtzionatzen zuen, baina globalizazioarekin dena aldatzen da. Lanean jarraitu behar dugu itxiera ez dadin izan industriari erreparatzeko gertaera bakarra".

Artziniegan bizi eta lan egiteko nahia azpimarratu du Gotxik, eta alderdi politiko guztiak instituzioetara elkarrekin zuzentzea proposatu du. PPk bat egin du eskaerarekin. Ez, ordea, EAJk: "Alkateak ordezkatzen du udala. Ez da kantitate kontua, ordezkaritzarena baizik". Alkatearen esanetan, langileekin akordioa bilatzea izango da lehentasuna: "Zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri gara, udal bezala kezka adierazteko. CELekin berdin jokatu genuen, koordinazioa mantentzen jarraituko dugu".

Zentzu horretan, orain arte egindako urratsak laburtu ditu gobernuburuak. Batetik, enpresako batzorde eta zuzendaritzarekin harremanetan jarri dira; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin. PPk beste eskaera bat luzatu du bilkuran: "Gu gara Artziniegako garapena zehaztu behar dugunak, ezin gara Diputazio eta Eusko Jaurlaritzaren zain egon, beti egongo dira aurretik beste herri batzuk eta. Niri mahai bat sortzea gustatuko litzaidake. Sekulako herri turistikoa dugu, eta ez dakigu transmititzen. Udaleko talde politiko guztiak batera joan beharko genuke erakundeetara, Aiararako zein asmo duten galdetzera".

Bozketaren ostean, fabrikako langile batek hartu du hitza: "Eusko Jaurlaritzatik negoziaketei heltzen saiatu ginen, baina enpresak uko egin zion. Hortik hiru egunetara 2 lagun bota zituzten. Guk negoziaketa mahai erreala eskatzen dugu, etorkizuna borrokatu ahal izateko". Aurreko astean mobilizazioak egin zituzten Artziniegan, Laudion eta Gasteizen egoera salatzeko:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide