Ezohiko Udal Osoko Bilkura egin dute gaur Artziniegan. Hainbat gai jorratu dira bertan. Puntu nagusienetako bat Artziniegako Museoaren egoerari buruzkoa izan da.
EH Bilduk aurkeztu du gaiari buruzko mozioa. Arteak (museoa kudeatzen duen elkarteak) planteatutako balizko hitzarmena jaso dute testuan. Akordio proposamen horren arabera, udala arduratu beharko litzateke eraikinaren mantenuaz eta irekiera gastuez (gida zerbitzuez) eta bere gain hartu beharko luke museoaren ohiko funtzionamendua bermatzearen ardura, ez badira beste instituzioetatik (Arabako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik) aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen. Artea elkartea, aldiz, bilduma osoaren mantenuaz arduratuko litzateke.
Talde politikoak denbora luze aritu dira aferaz eztabaidatzen, eta tentsio uneak ere egon dira. Joseba Elejaldek gogorarazi du uztailean beste idazki bat tramitatu zutela gai beraren inguruan. “Bederatzi hilabete igaro dira Artea elkartearekin lehen bilera izan genuenetik, eta ez da aurrerapasuroik egon, ez udalaren ez eta museoaren aldetik ere”. Horren “konfiantza eza” sustatu duela uste du PPko zinegotziak. “EH Bilduk biderik laburrena hartu du, zuzenean hitzarmen proposamen bat plazaratuta. Hemen gaude, jada eztabaidatua egon beharko litzatekeen zerbait lantzen”.
Iñigo Gomezek, bere aldetik, adierazi du proposamen bat helarazi dietela opozisioko taldeei eta Artea elkarteari eta, horregatik, ez duela zentzurik mozioa eztabaidatzea. Balizko beste hitzarmen horrek honakoa proposatzen du: Gida zerbitzua museoko sarreren diruarekin finantzatzea eta Artea elkarteak udalari museoko piezak denbora baterako lagatzea.
Idazkariak hartu du hitza jarraian, EH Bilduk eginiko proposamena “legalitatetik kanpo” dagoela adierazteko. “Udalak ezin duela bere eskumenean ez dagoen proiektu baterako zerbitzua kontratatu. Udalak museoaren kudeaketa bere gain hartu ahal izateko, bertako piezak bere esku izan behar ditu”.
Arkaitz San Joseren ustez, baina, posiblea da gida zerbitzua udalak finantzatzea. “Arabako Foru Aldundiak bisita gidatuak antolatu ditu Artziniegan barrena, herriko azpiegiturak bereak izan gabe”, jarri du adibidetzat EH Bilduko zinegotziak.
Joseba Vivancok hartu du hitza gero. “Bitxia da idazkariaren informe batekin plenoan bertan topatzea”, erantsi du, “orain arteko bileretan askotan eskatu dugu hori egitea debekatua dagoela adierazten duen legeren bat erakustea. Orain arte inork ez du egin”. Piezen inbentarioari dagokionez, Vivancok aipatu du Arteako kideak horretan lan egiten daudela. “Amaitua egon arte ez da hitzarmenik egongo?”, galdetu du EH Bilduko zinegotziak.
Joseba Elejalderen hitzetan, Museoak beste proposamen bat egin zuen baita ere: gida zerbitzua elkartearen esku geratzea udalak museoaren finantziatzioa bermatzen bazuen. “Horri ezetz esan zitzaion, eta horregatik jarraitzen dugu gaur egun eztabaidatzen”, salatu du zinegotziak. Gauzak hala, proposamen hori berriz mahai gainean jartzea iradoki du.
Inma Vivanco jeltzaleak, aldiz, txosten juridiko gehiago daudela azpimarratu du. “Ez da egia udalak ez duela gaia landu, hilabete asko daramatzagu honen atzetik”.
EAJk aurka, EH Bildu alde eta PPk abstentzioa
Bozketan ezezkoa nagusitu da. EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJk aurka. PPko zinegotziak, azaldu du berez EH Bilduren mozioaren alde bozkatu nahiko lukeela. “Baina idazkariak esan duena entzunda ez dakit hori eginez gero legez kanpo jokatzen arituko nintzatekeen”. Horregatik, abstenitzea erabaki du Elejaldek.
Autobus zerbitzuaren merketze eskaera, aho batez onartua
Museoarena ez da izan EH Bilduk Udalbatzan aurkeztu duen mozio bakarra. Beste testu bat plazaratu du talde politikoak autobus zerbitzuaren 16. linearen (Artziniega eta Okondo batzen dituenaren) prezioak merketzea eskatzeko. Joseba Vivancoren hitzetan, Arabako Foru Aldundian jada onartua izan zen eskaera hori, “baina oraindik ez da aurrapausorik eman”.
Iñigo Gomezek adierazi du Aldundiak baduela prezioak berrikusteko borondatea, “zehaztutako epeetatik kanpo bada ere”. Gauzak hala, aho batez onartu da proposamena.
Erregu eta galdera andana
Erregu eta galderen txanda izan da bilkuraren punturik luzeena. EH Bildu hainbat gai jarri ditu mahai gainean. Antzinako Azokaren inguruan galdetu dute lehenbizi. Ekimen horren antolakuntza enpresa pribatu batekin egitea gaitzetsi du koalizioak. “Hala egin da hasieratik”, erantzun du alkateak. Hala ere, oposizioko taldeak adierazi du “eztabaida zabalago baten beharra” dagoela. “Aztertu beharko litzateke zergatik ez den jendea bertaratu bileretara”.
Pinudiak kaltetzen dituen onddoa Artziniegara iritsi den ere galdetu du alderdi independentistak. “Basozainak esan dit momentuz ez dagoela arazorik, baina baliteke iristea”, erantzun du Gomezek.
Merkataritza eta turismo mahaia martxan jartzearen beharra ere nabarmendu du Joseba Vivancok. “Legeagintaldia amaitu baino lehen mahai hori martxan jartzeko asmoa duzue?”, galdetu dio Gomezi. Alkateak erantzun dio saiatuko direla ekimena aurrera ateratzen, baina gaineratu du ez dutela mahaia deitu nahi “lan-proposamen zehatz bat izan gabe”.
Tubacex Taylorreko langileen egoera ere izan dute hizpide. “CELek itxi egin zuen eta langileak beldur dira ez ote duen Tubacexek ere itxiko”, EH Bikdukoak.. Gauzak hala, horri begirako ekimenik egingo duen galdetu dio udal gobernuari, “alderdi berdina baitago gobernatzen udalean, Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan”. Gomezek erantzun dio harremanetan daudela enpresetako langile batzordeekin eta, zerbait egitekotan, euren oniritziarekin izango dela.