Umorea eta giro ona izan da nagusi Artziniegako txupinazoan. 20:30ean hasi dira zurrakapotea banatzen Goikoplazan. Ordu erdi beranduago, 21:00etan, izan da pregoi irakurketa. Hala, udaletxeko balkoitik ondo pasatzeko mezua zabaldu du Ana Perezek. "Anita zapataria" ezizenez ezagunagoa da herrian, eta makina bat herritar ikusi ditu hazten, "batzuk eskolako jantokian, eta besteak etxeko atarian". Bereziki, maitasuna eta alaitasuna zabaldu ditu lau haizetara, artziniegarren txalo artean. Suziria behin piztuta erraldoi eta buruhandiekin kalejira egin dute Alde Zaharrean barrena.