Izar izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia. Izenburu hori du Ugaitz Ugarte idazle usurbildarrak Artziniegan sortutako narrazioak. 'Geuretik sortuak' proiektuaren baitan egin du lana, eta atzo aurkeztu zuten pieza Artziniegako liburutegian. Harekin batera egon zen ekitaldian Lide Hernando Udalbiltzako Kultura teknikaria ere.
Euskal Herriko 25 udalerritan garatu dute 'Geuretik sortuak' egitasmoa, eta horietako bat izan da Artziniega. Sortzaile andanak hartu du parte deialdian, herri bakoitzean 2-3 asteko egonaldia egin eta sorkuntza lan bat eratuz. Hala, Hamazazpigarrenean aidanez liburua plazaratu dute guztien artean. "Hamasei idazlek, hamasei herritan bizitakotik, hamasei kontakizun ezberdin asmatu dituzte. Denek batera, hamazazpigarren bat osatzen dute", azaldu zuten agerraldian. Literatur liburuaren bi ale egongo dira herritarren eskura Artziniegako liburutegian.
Irailean aurkeztu zuten proiektua, eta geroztik zenbait kultur ekitaldi hurbildu dituzte Artziniegara, egitasmo berdinaren baitan eratutako antzerki obrak kasu. Horien artean daude Sexberdinak edota Trapu Zaharrak antzezlanen emanaldiak.