Goiko plazako atariaren hotsa isildu da. Gaur hil da Ana Perez artziniegarra, 106 urterekin. Artziniegako Udalak zabaldu du berria sare sozialetan, eta lore sorta utzi dute bere etxeko atean.
"106 urte, 10 hilabete eta ordu batzuk. Adin horrekin agurtu gaitu Ana Perez Rodrigez 'Anita zapatariak', gaur goizean. Agurtzeko munduko denbora guztiarekin utzi gaitu, azken unera arte, bere etxeko atariaren atalaiatik eguzki izpi eta agur bakoitza aprobetxatuta, jende guztiarekin hizketan arituz, zer moduz? galdetzeko bada ere", azpimarratu dute.
Irudi eta egoera ohikoa izan da urte luzez Artziniegan Ana Perez Rodrigez zapatariarena: etxeko atarian eserita, jendearekin solasean. Hala oroituko du herriak, "osasunez makal baina buruz argi. Etxekolanak eginda eta agurtuta joan da, 107 urte betetzeko gutxiren faltan".
Joseba Vivanco alkateak ere eskaini dizkio zenbait hitz espazio digitaletan: "Besarkada erraldoia familiari, ezagutu genuen guztioi, agurtzen zioten denei... E zdaukagu berbarik zuei adorea emateko, baina jakine zazue gure adiskidetasuna duzuela eta gogoan ziango dugula. Musu handi bat, Anita".
2019an jaietako pregoilari izendatu zuten, eta berak sortu zein irakurri zuen mezua. Oso pertsona maitatua izan da Artziniegarentzat:
Herriko edadetuena izangatik, belaunaldi berriekin gertukoa zen. Horren adibide da, 100 urte baino gehiagoko aldearekin, 2020an Aiaraldea Komunikabideak argitaratutako edukia: une hartako artziniegar gazteena zaharrenarekin batera gurdiari helduta.
Artziniegako jaietako aitortza ez zen izan Anita Perezi egindako bakarra. 2015ean omenaldia egin zioten, 100 urte bete zituelako.
Galizian jaioa, Artziniegaren bizia
Galizian jaio zen Ana Perez Rodrigez 1915eko abenduaren 18an, Ourentsen hain zuzen. Besteak beste, Arteko Gure Ama eskolan aritu zen sukaldari urte luzez. Gerraren ondorioz etorri zen Aiaraldera, eta 1941. urtean finkatu zen Artziniegan. Senarra zapataria zelako jaso zuen ezizena. Urteetan zehar, zenbaezinak dira Goiko plazako atarian izandako elkarrizketa guztiak.
Goiko plazarako bidearen eta herriaren zaindaria izan da askorentzat 'Anita zapataria'. 106 urteren ostean, zapata hotsik gabe geratu da haren etxeko ataria.